Bilbok urteko kultur agendea aurkeztu dau

Bizkaie! 2025-03-25 11:11   Kulturea

Agendak mila ekitaldi eta proposamen baino gehiago batzen ditu.

Bilboko Udalak urteko kultur programea aurkeztu dau, Barnean zaituen kultura izenpean. Agendeak mila ekitaldi eta proposamen baino gehiago batzen ditu, publiko guztientzat, Bilboko hainbat auzo kulturaz eta aisialdiaz ahalik eta gehien disfrutetako, irisgarritasun eta inklusino neurriakaz.

Programazinoaren barruan, Udalak atondutako hainbat jarduera dagoz, esaterako: Fant, Musika-Música, Bilboko Kalealdia, Bilbao Poesía, Zinebi, BAD, Gutun Zuria, Gau Zuria, Bilbao Izan, Inauteriak, Aste Nagusia, Olentzero eta Mari Domingiren Kalejira edo Bilbao Basque Fest; baita beste jarduera batzuk be: antzerkia, zinemea, musikea, kontzertuak, literaturea, erakusketak, hitzaldiak, ikastaroak, tailerrak, lehiaketak, Arriaga Antzokiaren programazinoa, museoetakoa eta Bilbon kultura-jarduerak eskaintzen dituen beste erakunde publiko eta pribatu batzuena.

Bilboko kulturearen urteko liburuxka horren edukia atontzeko, ondoko 10 jarduera-moltsoetan banatu dabe:

  • Artes Eszenikoak.
  • Museoak.
  • Arte Bisualak.
  • Sormenezko Diseinua eta Industriak.
  • Literatura, Gizartea eta Ezagutzea.
  • Ikus-Entzunezkoak.
  • Musikea.
  • Ondarea eta Identidadea.
  • Asialdia Kulturala.
  • Hurbileko Kultura.

Ondoko honeei buruzko informazino orokorra batzen dau:

  • Arte eszenikoen 22 espazio, erakunde eta jaialdi.
  • 11 museo.
  • 6 erakunde, espazio eta ikusizko arteen jaialdi.
  • 6 espazio eta jaialdi diseinurako eta sormen-industrietarako.
  • 18 erakunde, jaialdi eta literatura eta ezagutza-azokea.
  • 19 jaialdi eta ikus-entzunezko erakunde.
  • 19 erakunde, espazio eta musika-jaialdi.
  • Euskal ondareari, folkloreari eta kulturari buruzko 19 erakunde, gune eta jaialdi.
  • Aisialdiko 9 ekitaldi.
  • 26 programa uriko auzo eta barrutietan.

Bilboko barruti eta auzo guztietara kultur jarduerak hurreratzea da Bilboko 2023-2033 Kultura Plan Estrategikoak jasoten dauen helburuetako bat.

Halanda ze, herritarrek arte eszenikoez disfrutau leikete (Bilboko Zirkuitua urtarriletik maiatzera eta urritik abendura; Deustualdeko Klown Jaialdia zezeilean; Errekaldeko Umorezko Antzerki Erakustaldia martian; Magia eta Clown Zorrotza XXI. Topaketak maiatzean; Bilboko Jantzaguneak Kalera eta Ibaiondo Jantzan bagilean; Eszena Kalera eta Zirkualde irailean), musikearen arloan (Bilbao Distrito Jazz, urtarriletik martira; Betiko Musika Otxarkoagan, urtarriletik apirilera; La música me divierte, maiatzean; Musika Auzo maiatzean eta bagilean; Bazter Fest zemendian; Mila Musika Haria, zemendian eta abenduan), arte bisualez (Expodistrito, urtarriletik bagilera); euskerazko jarduerez (Mintzapraktika, Bira Kulturgunea, urte osoan; Lautan hiru, urtarrilean eta zezeilean; Ikusi eta ikasi, zezeiletik maiatzera; Harrapazank, martitik maiatzera; Darabilbo, irailetik bagilera; Berbagunea, zemendian), bidaia eta abentura-programez (Bidaiarien txokoa); folkloreaz (Santutxu Kolorea, bagilean; Plazarik Plaza, irailean); artisautza tailerrak, eta arte aplikatuak, plastikoak eta bisualei buruzko tailerrak (urritik maiatzera); eta Kultur Gabonak programearen barruko beste kultura eta aisialdi-ekitaldi batzuk.

Ekitaldi eta programa horreek guztiak, gehienbat, tokiko artista, konpainia eta eragileen eskutik heltzen dira auzoetara. Estaduko eta nazinoarteko artisten eta konpainien parte-hartzea be badabe.

Jaialdiak

Uribilduaren urteko programazinoan, jaialdiek presentzia nabarmena dabe, horreetako askok nazinoarteko proiekzinoa izanez, esaterako: Gutun Zuria, Bilbao Poesía, FANT, BBK Bilbao Music Legends Festival, Kalealdia, Bilbao BBK Live, JA!, BAD, Bime edo Zinebi. Jaialdiak Bilbao Basque Fest edo Gau Zuria lako tokiko eta euskal kulturara bideratuago dagozan beste jaialdi batzuekaz dagoz, uribilduaren nortasuna berresten dabenak. Aldi berean, uria bisitetan dabenei tokiko kultur eta ondare tradizino eta ondasunak erakusten deutsee.

Euskal Kulturea

Uriaren tradizinoak eta nortasunak eta euskal kultureak leku handia dabe urteko agendan. Horreen artean, Dantza Plazetan; Dantza Eskoletara; Loraldia; Bilbao Basque Fest; Bilbainada Lehiaketa; Udaberriko Bertso Saioak; Bilbao Izan; edo Ondarearen Europako Jardunaldiak nabarmentzen dira.

Horrezaz gan, kultur arteko jarduerak be atontzen dira: Afrika Eguna; Kultur Aniztasunaren Munduko Eguna; edo Munduko Jenteak.

Literaturea, gizartea eta ezagutzea

Bilboko Udalak urtero atontzen ditu jarduera literario eta zientifikoak. Horregaitik, foroak eta hitzaldiak bultzatzen ditu, herritarren artean literaturea eta ezagutzea sustatzeko. Horreen artean aitatzekoak dira Bidebarrieta Kulturgunean egiten diranak, Bidebarrietako Liburutegiak kultur zabalkundeari eskaintzen deutson gunean, egile nabarmenen azken lanen aurkezpenak, hitzaldiak eta topaketak. Horrezaz gan, Udal Liburutegien Sareak, Azkuna Zentroa-Alhóndiga Bilbaoko Mediatekak eta Bizkaiko Foru Liburutegiak kultur zabalkundea eta irakurzaletasuna sustatzeko atontzen dituen jarduerak batzen ditu.

Ganera, literatura-lehiaketak (Gabriel Aresti ipuinena, Miguel de Unamuno saiakerearena, Blas de Otero-Ángela Figuera poesia), liburu-azokak (Liburuaren Nazinoarteko Eguna, Liburu Barriaren Azokea edo Liburu Zahar eta Abagunearen Azokea), letretako jaialdiak (Gutun Zuria) eta poesiako jaialdiak (BilbaoPoesía) urte osoan zehar kultura-agendan presentzia nabarmena izaten dabe.

Aurkeztutako liburuxka horren 4.500 ale inprimiduko dira, 70 udal zentro eta ekipamendutan banatu eta 200 kultur erakunde publiko eta pribaturi baino gehiagori bialko jake.

Era berean, hemen konsultau daiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu