Baratzak eta Izaskun Arrupe Kulturguneak Kalejira Performatikoa tailerra eskainiko dabe
2025-03-25 09:37 KultureaArte eszeniko garaikideen euskerazko jaialdia martiaren 25etik 30era izango da.

X. Zurrunbilok barrikuntza eta euskerazko arte eszeniko garaikideen jaialdiak egitarau zabala dakar baina hasierako helburuei eutsiz, izan be, publiko gehiago erakarri, beste leku bazuetara hurbildu, tokiko konplizidadea sortu eta ganerako lurralde historikoetako programa eszeniko batzuekaz loturak sortzen saiatu da. Hori guztia diziplinarteko ikuspegia ardatz hartuta (berbea, antzerkia, jantza, performance eta beste lengoaia batzuekaz buztartuz).
Parasite Kolektiboak atontzen dau dau jaialdia, Baratza Aretoa, Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritzea eta Laboral Kutxaren laguntzeagaz. Eta edizino honetan Garaion Sorgingunea eta Izaskun Arrue Kulturguneagaz (IAK) alkarlanean.
Hamargarren edizioa barrikuntza bategaz hasiko da, izan be, Baratza eta Izaskun Arrupe Kulturguneak (IAK) Kalejira Performatikoa tailerra eskainiko dabe Parasite Kolektiboak eta Tripak konpainiak atonduta: zapatuan, 20:30ean, Baratzatik IAKra kalejirea egingo dabe tailerreko parte-hartzaileek, publikogaz batera.
- Eguenean, martiaren 27an, Ozaetako Garaion Sorgingunera joango da jaialdia eta bertan Dounia eta Alepoko Printzesa filma ikusi ahal izango da. Marya Zarif artista eta idazlearen ipuin batean oinarritutako animazinoko filma. Siriar familia baten igesa eta erbestealdiaren esperientziara hurreratuk gaitu filmak, neskato baten begiradatik. Haren bildurra sentiduko ditugu, baina baita haren itxaropena be. Proiekzinoa Kalakalab eta Zinhezbak atondu dabe.
- Barikuan, martiaren 28an, Baratzan, Metrokoadroka kolektiboa & Don Inorrez taldeak Aztia aurkeztuko dau, musikea, antzerki bakarrizketea eta butoh jantzea buztartzen dituan kontzertu dramatizatua; taula gainean, Ainhoa Alberdi, Karlos Arancegui, Oier Guillan eta Imanol Ubeda egongo dira, umorez eta doinu kutsakorrez gan.
- Zapatuan, martiaren 29an, jaialdiaren egun handia izango da eta hiru ikuskizun iragarri ditue: Tripak taldeak heriotzearen eta bizitearen artean jazoten danari buruzko hausnarketa existentziala aurkeztuko dau 19:00retan Baratzan, Platean, umoreari eta absurdoari tartea eginez. Piezea asmo estetiko sakon baten emoitzea da, narratiba konbentzionala gainditu eta bitarteko bat da publikoak barre egin baina negar malkoak be isuri daizan. Ondoren, tailerreko partaideek Kalejira Performatiboan eroango gaitue IAKra, gaueko 21:00etan Antuxunako Baninduaien Kantatzera folk teknologikoaren proposamenera joateko; ikus-entzunezkoa da, euskal kantutegi zaharraren birmoldaketa elektroniko eta guztiz digitala, zuzeneko musikea, LED argiak eta proiekzinoak uztartzen dituana.
- Jaialdiaren hamargarren edizinoaren amaierea domekan izango da, martiaren 30ean, 19:00retan, Baratzan, Laura Penagosek Puta Bakarrizketea Eroetxean bakarrizketea eskainiko deusku, prostituzinoa eta osasun mentala gai nagusitzat hartuta.
Sarrerak 10 euroan dagoz salgai (12 € leihatilan) eta bono bi egongo dira: bata zapatuko ikuskizun guztiak ikusteko, 13 euroan; eta bestea jaialdi osorako, 28 €.
Hona hemen Zurrunbiloko ikuskizun guztietarako sarrerak. Eta festibalaren informazinoa hemen.
Sarrera Soziala be eskuragarri izango dabe bertaratu nahi eta ekarpenik ezin dabenek egin: salabaratza@gmail.com.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!