Modu iraunkorrean hartuko dabe 'Burdinazko emakumeak' erakusketea

Bizkaie! 2025-03-25 09:23   Kulturea

Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan.

Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoak (Gallarta, Abanto-Zierbena) Burdinazko emakumeak: historia eta memoria erakusketea hartuko dau modu iraunkorrean. Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako erakusketea da eta emakumeek Bizkaiko burdinaren meatzaritzaren historian egin daben ekarpen erabagigarriaren balioa nabarmentzen dau.

Erakusketea Meatzaldeko hainbat udalerritan egon da, esaterako Ortuellan, Muskizen eta Trapagaranen, eta, oraintsu, Bizkaiko industria-ondarearen erreferente bihurtu dan eta urteetan zehar mendietan eta fabriketan batutako meatze-tresnen Espainiako bilduma handienetako bat batzen dauen espazio enblematikoan ezarri da.

Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko Sailak bultzautako erakusketa horrek Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoaren (argazki-artxiboak eta objektuak) eta AHOAren (ondare immaterialaren artxiboa: izan be, erakusketeak QR kodeak ditu aukera emoten dabenak garai hura bizi eben eta oraindik bizirik diran azken personei eginiko alkarrizketen audioak entzuteko) laguntzea izan dau.

Erakusketea Pilar Perez-Fuentes historialariak prestau dau.

Museoan egindako erakusketearen aurkezpenean, Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna, Sustatzeko diputaduak emakumeek Bizkaiko aldaketa sozial eta ekonomikoan izandako funtsezko zeregina nabarmendu dau: emakumeek funtsezko zeregina bete eben, bai meategietan eta baita meategietaitik kanpo be, halanda ze, horreek gabe ezinezkoa izango zan burdinaren meatzaritzea. Historian gizonen kontakizunak nagusi izan diran arren, autortu behar da emakumeek eutsi ebela sektorea, lan nekatuezinagaz. Justizia historiko horrek merezi daben lekua emotea gura izan dogu.

Immigrazinoa, etxeko lana eta laneko burrukak

Pilar Perez-Fuentes historialariak hitzaldia emon deutse berrehun persona ingururi. Berton, erakusketa zelan osotu dan eta dure historian zati ikusiezin horri buruz egiten dauen kontakizuna adierazo dau.

Holan, Burdinazko emakumeak erakusketak urteetan isildu egin dan historia berreskuratu dau eta agerira ekartzen ditu, meategietaitik harago, horreen ahaleginaren bidez Bizkaiko ekonomiari ekarpen handia egin zituen emakumeak.

Erakusketeak 24 informazino-panel ditu, argazki historikoak eta ahozko testigantzak buztartuz. Kontakizun horreei esker, bisitariek aukerea dabe burdinaren meatzaritzaren urrezko garaia bizi izan eben azken belaunaldien esperientziak ezagutzeko. Erakusketak hainbat gai jorratzen ditu, esaterako immigrazinoa, etxeko lana, laneko burrukak eta meatze-herrietako bizitzea eta emakumeek XX. mendearen hasierako gizarte-antolamenduan izan eben eragina azpimarretan dau.

Bizkaiko meatzaritzearen historia aztertzen eta konserbetan dauen museoak aukera parebakoa eskaintzen deutse bisitariei ikus deien zelan aldatu zituan burdinaren meatzaritzak Bizkaiko paisaje fisikoa, baita bertoko ekonomia, gizartea eta historia be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu