Korrontzik ekingo deutso Bilbao Basque Festeko kontzertu zikloari
2025-03-24 13:51 KultureaJaialdia apirilaren 16tik 19ra arte egingo da eta ehun jarduera baino gehiago izango ditu.
_content.jpg)
Kontxi Claver.
Bilboko Udalak Bilbao Basque Fest 2025en programea aurkeztu dau. Apirilaren 16tik 19ra arte egingo da eta ehun jarduera baino gehiago izango ditu.
Gehinak doban, hogei bat guneetan egingo dira eta persona guztientzat dira, uriaren kultura-eskaintzeagaz bat egiteko, bilbotarrek eta egun horreetan uria bisitetan dabenek esperientzia ahaztuezina bizi deien euskal kulturearen bitartez. Datozen egunetan, QR kodea daben 15.000 txapa banatuko dira, eguneratutako informazino guztia eta jaialdiaren eguneroko agendea zuzenean eskuratu ahal izateko. Ganera, Bilbao Bizkaiako turismo-bulegoek programea inprimauta be izango dabe.
Kontxi Claver Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Zinegotziak jaialdiaren aurkezpenean adieraz dauenez, jenteak jarduera bakotxak ahalik eta gehien disfrutatzea nahi dogu. Jaialdiak, euskal kulturearen aberastasuna goraipatzeaz gan, Bilbori bultzada emongo deutso eremu askotan udan. 150 artista, 25 enpresa, 112 langile produkzinoan eta ejekuzinoan, kirolaragaz lotutako 18 jarduera, 28 musika, jantza eta antzerki ikuskizun… horreek dira Bilbao Basque Festek uriko sektore eta eragile askotan eragina dauen proiektu estrategikoa.
Musikea
Agus Barandiaran buru dauen Korrontzi euskal folk musika talde ezagunak hasiko ditu kontzertuak eguenean, apirilaren 17an, 20:30ean, Arenaleko Kioskoan. Hurrengo egunean, ordu eta leku berean, OrekaTx boskoteak Koklea ikuskizuna emongo dau. Apirilaren 19an, zapatuan, Oreka taldearen jantzaldia izango da (Oxabi, Garilak 26 eta Urrats taldeetako zortzi musikarik osotutako taldea).
Horreezaz gan, jaialdiak proposamen originalak eroango ditu eszenatokira, esaterako, Alex Lopez buru dauen Sensei Music Ensemble proiektua, Iñaki Plaza Band, Bilboko Udal Txistulari Taldea eta Iñaki Palacios txistularia. Guztiak Azkuna Zentroan izango dira eta euskal folklorearen eta soinu garaikideen erreferentzia musikala izango da.
Aitagarria da Amaia Barrenak eta Txitxok Berreginen Museoan emongo daben kontzertu poetikoa, baita lau hamarkada baino gehiagoko historia dauen Fanfarre Sama Sikuren jai-soinua be.
Kafe Antzokia Basque Fest Rock City zikloaren egoitzea izango da barriz be, egunero, 22:00etatik aurrera: Arnau & The Honky Tonk, Losers, Moonshine Wagon, Micky & The Buzz, Solomillo Wellington, The Inciters, The Cherry Boppers, Nat Simons eta Las Furias.
Gauean zehar, jaialdiak haren kontzertu-proposamena Azkena Aretora eroango dau euskal rockearen artista bikaz: gizartean oinarritutako abestiak izango dira bariku gaueko protagonistak, Itsaso Gutiérrez Retolazagaz. Hurrengo egunean, barriz, Clara Corral bilbotarra izango da, autoezagutzea esploretan daben berba introspektiboak partekatuz.
Herri-kirolen erakustaldiak, desafioak eta tailerrak
Aurton be, Arenala izango da munduko proba ezagun horreez zuzenean disfrutetako plaza nagusia: ingude eta lasto-altxatzea, harri-jasotea, trontza, sokatirea…
Erakargarri berezi bezela, Nerea Egurrolak, 25 kiloko txinga garraioaren errekorra dauenak, 50 kiloko txinga kopuruaren errekorra hausten saiatuko da. Jaialdiak Bizkaiko Orga-joko Txapelketa Ofiziala be hartuko dau, emakumezkoena eta gizonezkoena.
Aurtengo barrikuntza izango da, goizeko eta arratsaldeko txandetan 8 urtetik gorakoei zuzendutako Herri-kiroletako umeentzako tailerrez gan, euskal pelotako tailerrak be izango dirala Esperantza Frontoian: 50 lagunentzako sarrerak emongo dira.
Ibilaldiak, jantzak, umorea eta familentzako jarduerak
Aste Santuan Bilboren historia modu atsegin eta originalean ezagutu nahi dabenek, Bilboko Anfitrioi bisita antzeztuekaz bat egiteko aukerea izango dabe, Alde Zaharreko eta Arenaleko espazio nagusietan 12:00etatik aurrera.
Bilborocken bakarrizketak egingo dira hiru euskal profesionalen eskutik, Gurutze Beitia, Mitxel Santamarina eta Salah El Yaakoubi (txartelak Bilborockeko atean entregauko dira, gehienez tiket bi personako); Begotxu eta Maitanegaz Itsasadarrean itsasontziz egiten diran ibilaldi panoramiko bereziak,
Zabalgune eraikina izango da familien topagune nagusia: antzerkia, zirkua, dinamika parte-hartzaileak, jantzak eta ikuskizunak Txaloka, Doble Bill edo Trotamundos euskal konpainien eskutik, eguenean, barikuan eta zapatuan, 18:00etatik aurrera.
Gasaren Plazan, egunero 19:00etatik aurrera, Gaztedi, Lorratz eta Goi-herri taldeek euskal jantzez beteko ditue.
Gourmet Txokoa
Ohiko Gourmet Txokoak, Arenalean dagoan 1.500 m2 baino gehiagoko karpa batean kokatua, euskal eskualde turistiko ugariko ordezkariak batuko ditu barriz be, tokiko produktu onenekaz.
Produktuak egiteko eta probetako postuak be jarriko dira. Plazea erreserbetako aurrez aurreko inskripzino baten bidez egingo da eta batutako dirua Amiarteri emongo jako.
Market gunea
Egun bakotxari amaierea emoteko, Bilbao Basque Festeko Arenaleko Market guneak produktu goxoen otarra erosteko aukerea emongo dau, baita uriko saltoki eta hornidura-plazetara joateko be, Erriberako Merkatu historikora, esaterako. Merkatu tradizionalaz gan, Artisautza Azokak kalidade handiko artisau-pieza ugari ditu urtero: zeramikazko artikuluak, larruzko eta egurrezko produktuak eta abar.
Irati, zinema ataleko protagonistea
Paul Urkijoren lana, Irati, euskal abenturea, fantasia eta mitologia buztartzen dituan inoizko euskerazko zintarik arrakastatsuena, egunetik zapatura 18:00etan proiektatuko da, BBK Aretoan, Basque Zinema programearen barruan.
Konsultau programazino osoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!