17 euskal produkzino Nantesko Zinemaldian
2025-03-24 11:07 ZinemeaMarco eta Azken erromantikoak Sail Ofizialean lehiatuko dira.

Nantesko Festival du Cinéma Espagnol (FCEN) jaialdiaren barruan egiten dan Fenêtre Basque (Euskal Leihoa) zikloak 24 edizino beteko ditu aurton. Etxepare Euskal Institutuak, Euskadiko Filmategiaren laguntzeagaz, sustatzen dauen saila Euskal Herritik kanpo topa daitekean euskal zinema programazino sendoenetakoa da eta urtero euskal produkzino nabarmenen hautaketea proponiduten dau.
Aurtongo edizinoan, guztira, 17 euskal produkzino emongo dira Nantesen martiaren 21etik 29ra arte. Horreetatik, bederatzi film luze eta Kimuak 2024ko programako zazpi film labur Fenêtre Basque zikloan proiektatuko dira. Euskal zinemeari propio eskainitako zikloa osotzen daben euskal produkzinoez gan, euskal zinemeak presentzia nabarmena izango dau; izan be, film luze bi sail lehiakorrean ibiliko dira.
Sail ofizialean, lehiatuko dira Marco (Jon Garaño eta Aitor Arregi) eta Azken Erromantikoak (David Perez Sañudo).
Dokumental onenaren saria eskuratzeko norgehiagokan, beste euskal produkzino bi dagoz: Los Williams (Raul de la Fuente) eta Chaplin, espíritu gitano (Carmen Chaplin).
Fenêtre Basque 2025
Fenêtre Basque atalean, bederatzi luze izango dira guztira. Aitatutako lau horreez gan, ondoko honeek be ikusi ahal izango dira:
- Erreplika (Pello Gutierrez).
- Tratamos demasiado bien a las mujeres (Clara Bilbao).
- Irati (Paul Urkijo).
- Tasio (Montxo Armendariz).
- Los aitas (Borja Cobeaga).
Ganera, jaialdiaren barruan, betiko lez, Etxepare Euskal Institutuak sustatzen dauen Kimuak 2024 katalogoan jasotako film labur batzuk be ikusi ahal izango dira: Izibene Oñederraren Etorriko da (eta zure begiak izango ditu), Joana Moyaren Todo lo cubre la sal, Jorge Moneoren Exergo, Koldo Almandozen Dinosaurioak, Alba Lozanoren Utländsk, Iratxe Fresnedaren Errotatiba eta Aitor Abioren Patrimonio.
Euskal ikus-entzunezkoek izango daben presentzia nabarmenaren erakusgarri, aurton, FCENek Frantzian orain arte ikusi gabeko serieen atalean, Alauda Ruiz de Azuaren Querer proiektauko dau.
Ganera, euskal zinemearen erakusleiho zabal eta heterogeneo horren osogarri bezela, hainbat konbidadu joango dira Nantesera egunotan, esaterako, David Perez Sañudo, Jon Garaño, Clara Bilbao, Pello Gutierrez edota Montxo Armendariz.
Basque. Zinema liburuaren aurkezpena
Etxepare Euskal Institutuak sustatu eta argitaratu dauen liburu-bildumea da Basque. Zinema. Euskerea, euskal kulturea eta sorkuntzearen barri emotea dau helburu. Euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta fransesez dago eskuragarri hemen.
FCENen testuinguruan aurkeztuko dan Basque. Zinema lehen aldiz 2012an argitarau zan liburuaren eguneratzea da. Orduan lez, orain be, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak egin dau liburuaren berridazketea, azken urteetako gertakari eta produkzino nabarmenei erreparauz.
Martiaren 22an, arratsaldez, Nantesen egingo dan Rencontre Cinéma Basque berbaldian aurkeztuko dabe liburua Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko Zuzendari Nagusiak eta Joxean Fernandez liburuaren egile eta Euskadiko Filmategiko buruak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!