Fernando Truebak Ondas de Jazz-EITB Ohorezko Makila jasoko dau
2025-03-21 10:35 KultureaMartiaren 25ean, Gasteizko Jesus Guridi Konserbatorian.

Jazzargia Kultur Alkarteak, EITBgaz lankidetzan, Fernando Trueba artisteari 2025eko Jazz-EiTBren Ondas Ohorezko Makila emongo deutso. Jazza zabaltzeko egin dauen ekarpenakaitik eta artearen eta zinemearen munduan izan dauen eragina autortzeko.
Euskal Herriko jazzaren arloko sari nagusiena da. Martiaren 25ean emongo deutse autortzea Gasteizko Jesus Guridi Konserbatorioan, 19:00retan. Saioan izango dira Gasteizko kulturearen eta musikearen sektoreko agintari eta profesionalak.
Sortu ebenetik, orain hamabi urte, Ohorezko Makilak erabili dira jazzaren eta estilo hori zabaltzen daben persona ospetsu ugari saritzeko, besteak beste, Juan Claudio Cifuentes Cifu, Pedro Iturralde, Antonio Muñoz Molina, Paco de Lucía eta Ana Belén.
Jazzargia Kultur Alkarteak hemeretzi urte baino gehiagoko ibilbidea egin dau jazzaren eta musikearen dibulgazinoan, esaterako, Onda de Jazz proiektua lako ekimenen bidez, 2017an Euskadiko Musikearen Saria jaso ebana. Gaur egun, proiektua EITBgaz lakindetzan egiten da, erakunde bien arteko akordioari esker.
Fernando Trueba
Truebak jazzaren aurrean sekulako pasinoa erakutsi dau, haren zinemearen bidez transmitiduz. Calle 54 (2000) film enblematikoa jazz latinoaren testigantza parebakoa da. El milagro de Candeal (2004), barriz, musikeak gizartean dauen botere eraldatzailea nabarmentzen dau. Chico y Ritan (2010), Truebak 40ko eta 50eko hamarkadetako jazz kubatarraren atmosferan sartzen da. Orain dala gitxi, Dispararon al Pianista (2023) lanean, Francisco Tenório Júnior pianista brasildarraren irudia arakatu dau.
Zinemaz gan, Truebak inportatzia handiko musika-proiektuak sustatu ditu, esaterako, Lágrimas Negras (2003), Bebo Valdés pianistea eta Diego El Cigala batu zituan produkzinoa.
Ekitaldia
Jazz-EITB 2025en Ondas Ohorezko Makila emoteko ekitaldia berezia izango da eta artistak, agintariak eta jazzzaleak batuko dira Truebaren ibilbidea autortzeko. Jesus Guridi Konserbatorioko eta Luis Arambururen Udal Musika Eskolako Big Band ospetsuak kontzertua emongo dau, azken hamar urteetan bezela.
Halanda ze, ekitaldia hilaren 25ean izango da, Jesus Guridi Konserbatorian, arratsaldeko 19:00retan. Sarrerak bi euroan dagoz salgai hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!