'Amatau argia. Defendidu Planetea' goiburuari eutsiz dator 2025eko Planetearen Ordua

Bizkaie! 2025-03-21 09:31   Pil-pilean

Getxo, Bilbo eta 200 herrialdek baino gehiagok eta miloeka personak parte hartzen dabe kanpainan.

Getxoko Udalak bat egingo dau aurten be Planetearen Orduagaz, mundu osoko persona, enpresa eta gobernuek klima aldaketearen kontra egiteko eta naturearen narriadureari aurre egiteko konpromisoa erakusten daben kanpaina globalagaz: Amatau argia. Defendidu Planetea goiburuari eutsiz, ekimena zapatu honetan, hilaren 22an, izango da, eta, ohiturazkoa dan lez, Udalak ordubetez amatauko ditu, 20:30etik 21:30era, Andres Isasi Musika Eskolako argiak, Areetako eta Arrigunagako hondartzetako argiak eta Areetako Kirol Portuko eta Portu Zaharreko zabalguneko argiztapen apaingarria.

Naturearen aldeko Mundu Funtsak (WWF), kanpainea sustatzen dauen erakundeak, nabarmendu dau aurten Planetearen Ordua inoiz baino beharrezkoagoa eta preminazkoagoa dala: 2024a izan da industria iraultzatik beroena, Planetearen batez besteko tenperaturea 1,5 gaindituz, eta muga hori ez dogu gainditu behar atzera bueltarik ez daben eraginak ebitetako. Muturreko fenómeno meteorologikoak larrialdi sozial bihurtu dira, uriola, bero-bolada eta baso-sute moduan. Krisi klimatikoaren ebidentziak sobran dagoz, eta, horregatik, Planetearen Orduak aukerea emoten deusku erakusteko gizartea klimaren alde dagoala. Udaleko Ingurumen Zerbitzuko zinegotzi Iñigo Urkitzak Getxoko herritar guztiak animau ditu udalerriak naturea eta klimea defendiduteko dauen konpromisoa adierazo deien, ekimenagaz bat eginez, izan be, kanpaineak helarazo nahi dauen mezua onartuta, aurrera egiten jarraitu behar dogu, energia aurreztu eta iturri berriztagarriakaz produzidu, erregai fosilak baztertu eta naturea leheneratu. Modu jasangarrian biziteko banakako neurriak hartu behar ditugu, izakera positiboa dauen eta karbonoan neutroa dan gizarte bat etenik eta atzerapenik barik eregiten jarraitzeko.

Bilbo

Urtero bezela, 2007tik, Planetearen Ordua izaten da WWF erakundeak bultzatuta, eta betiko ohitureari jarraituz, Bilboko Udalak bat egin dau ekimen horregaz eta zapatuan, martiak 22, ordubetez (20:30etik 21:30era), argiak amatauta egongo dira herriko eraikin eta monumentu enblematikoetan, besteak beste, udaletxean, Begoñako Basilikan, San Bizente eleizan, Aznar eraikinean, San Agustin eraikinean eta Arriaga Antzokian.

Bilboko Udaleko alkateorde eta Mobikortasun eta Iraunkortasun zinegotzia dan Nora Abetek berriro egin deutse dei herritar guztiei, erakunde publikoei eta organismo pribatuei, holako ekimenak babestu deiezan, konpromiso publiko lez, klima-aldaketeari aurre egiteko eta gure planetearen etorkizuna hobetzeko lanean segidu deien.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu