Marte Lasartek 'Zaldiak' abestiaren bideoklipa kaleratu dau

Bizkaie! 2025-03-21 13:50   Musikea

Hurrengo kontzertua apirilaren 12an eskainiko dabe, Zeberioko Gazte Egunean.

Marte Lasarte taldeak laugarren bideoklipa argitaratu dau, Ez da besterik bildumakoa. Oraintsu, Zaldiak abestia aukeratu dabe kideek udabarriari hasierea emoteko. Beraz, datozen kontzertuei begira, estreinuko diskoari beste buelta bat emongo jako.

Drum and Bass erritmotik hasita, gitarrearen eskutik, ahotsean euskal kantu tradizionalen oinarria nabarmentzen da. Istorio bat kontetan dau, zaldi batena hain zuzen be, gizateriaren historia laburtzen dauena, baita libre izateko bideak dakarzan baldintzak eta oztopoak be.

Holan, Return To The Basque instagrameko atariak gomendauta, 1937 urteko Euskal Herriko irudi batzuen hautaketea egin eta zuri-baltzez egin dabe bideoklipa: gerrak, desplazamenduek, herriek eta euskal jantzak hartuko dabe protagonismoa.

Marte Lasarte Borja Anton eta Pello Armendariz dira, 15 urtez Skakeitanen agertokia konpartidu ondoren. Proiektuagaz bat egin eben Lore Nekane Billelabeitiak (Belako) eta Alex Alonsok (ETS, Tierra Santa,...).

  • Marte Lasarte: Pello Armendariz, Borja Antón, Lore Nekane Billelabeitia, Alex Alonso.
  • Musikea: Borja Antón, Pello Armendariz.
  • Berbak: Pello Armendariz.
  • Produkzinoa: Borja Antón, Pello Armendariz, Jon Badi.
  • Grabaketea eta nahasketea: Haritz Harreguy.
  • Masterra: Victor García.

Hurrengo kontzertuak

  • Apirilak, 12: Zeberioko Gazte Egunean.
  • Apirilak, 17-20 (zehaztu barik): Berriozarreko Gazte Topagunean.
  • Maiatzak, 30-31 (zehaztu barik): Amurrioko Airafesten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu