Amale Arzelus, euskeraz eta euskerearen alde bizi izan zan emakume ekin eta saiatua
2025-03-20 09:20 KultureaJonan Zinkunegik, Amaleren semeak, idatzi dau liburua.

Sabino Arana Fundazinoaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak, Gipuzkoako Foru Aldundiagaz lankidetzan, Arzelus Arrieta’tar Amale. Nere Oroimenak liburua argitaratu dau. Egileak, Jon Andoni Jonan Zinkunegi Arzelusek, Amaleren semeak, amak idatzita itxi zituan Nere oroimenak eta Nere ekintzak testuak batu eta erabili ditu lanean eta bere ekarpenak gehitu deutsoz.
Liburuak bersino bi ditu: jatorrizkoa, euskerazkoa, eta jatorrizkoaren itzulpena ez dan gaztelaniazkoa.
Donostiako Aiete Jauregian egindako aurkezpenean, Sabino Arana Fundazinoko presidente Mireia Zaratek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendari Ion Gambrak memoria historikoa gordetearen garrantzia nabarmendu dabe. Jarraian, Gotzon Lobera legelari eta euskaltzain urgazleak, argitalpenaren editoreak, eta Jonan Zinkunegi, lanaren egileak egin dabe berba.
Amaren testuak oinarri hartuta, Arzelus familiak parte-hartze garrantzitsua izan eban Euskadiko historiaren zati garrantzitsu bat kontetan dau Jonan Zinkunegik liburuan.
Amaleren aita, Ander Arzelus Toledo Luzear, EAJ-PNV alderdiko Euzkadi Buru Batzarreko kidea izan zan, eta kultur jarduera ugariren sustatzaile jardun eban, tartean, antzerki eta irratiarena, beti euskeraz. Liburuan, Luzearen lanak zehe-zehe agiri dira, eta arlo politikoaz zein gerra aurretik EAJn izandako jokabidea azaltzen da, aurrerago sufridutako errepresinoa eta egindako lan nekatuezina, eta azkenik, diktadura betean, bere lagun Joseba Rezolagaz izan zituan pasadizo batzuk be. Horrezaz gan, 1937ko martian Luzearrek EAJren Gipuzkoako Idazkaritzearen izenean idatzi eban eskuizkribu bat eta espetxean komuneko papela erabiliz egindako idazki batzuen argazkiak ikusi daitekez.
Amale giro politiko eta kultural euskaltzalearen inguruan bizi izan zan etxean gazte-gaztetatik. Liburuak Amaleren bizitza pribatuaren eta publikoaren hainbat alderdi azaltzen ditu. Familiari jagokonez, aurrerago senarra izan zan Andonigaz izan zituan ezkongaien arteko hartu-emon eta bizipenak jorratzen dira, bai eta senar-emazteen jazoerak be; bederatzi seme-alaba izan zituen, 1949tik 1964ra; horreek hamaika birloba ekarri zituen mundura eta azkenek bederatzi birbiloba emon eutsozan familiari.
Arlo publikoari jagokonez, lanak nabarmentzen dau irratian euskeraz ibilitako lehen emakume esataria izan zala (kapitulu horretan esaten denez, Amaleren aitak, Luzearrek, euskeraz egindako lehen irratsaioan parte hartu eban).
Antzerkiaren munduan, liburuan zehazten da Poxpolinak taldean parte hartu ebala hasiera-hasieratik eta urte askotan ibili zala antzezten. Elbira Zipitriagaz eta beste andereño batzuekaz euskeraz eta euskerazko irakasle lez egindako lanari buruzko aiamenak topauko ditu irakurleak lanean, ekintzailetza politikoari buruzkoak edo katixima-irakasle lez egindako lanaren ingurukoak be. Amaitzeko, Amale Arzelusi bizitzako azken urteetan egin eutseezan omenaldietako batzuk gogorarazoten ditue liburuan.
Amale Arzelus, alaba, emazte, ama, antzerkizale, euskeraz jardun eban euskerazko irakasle, esatari, aktore... eta Ander Arzelus Toledo Luzear aitaren jarraitzaile sutsua.
Arzelus Arrieta’tar Amale. Nere oroimenak liburua euskal aberriaren eraikuntzan buru-belarri ibilitako emakume ekin eta saiatu horren gorespena da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!