Martxan da 'Ebaluatorioa'

Bizkaie! 2025-03-19 12:50   Kulturea

Euskerazko txatbot edegia auzolanean hobetzeko aste biko ekimena.

Euskal Herriko Unibersidadeko HiTZ zentroa Latxa euskerazko hizkuntza-eredua txatbot bihurtzeko lanean dabil, baita txatboten kalidadea neurtzeko bide barriak edegiten be. Hizkuntza-ereduak adimen artifizialeko ereduak dira, giza hizkuntzea ulertu eta sortzeko ikaskuntza automatikoko teknikak erabilten dituanak. OpenAI edo Google lako enpresa handien ChatGPT eta antzeko ereduen pare edo hobeto dabilen euskerazko txatbot edegia sortzea da HiTZ zentroaren helburua. Enpresa horreek miloeka dolar erabiliz eregi dabenaren zati bat auzolanean egin nahi dau HiTZek.

Parte-hartzeko, ebaluatoia.hitz.eus webgunean sartu, galderea edo eskaerea egin eta elejidu zein dan erantzun hoberena. Ebaluatoiaren lehen fase arrakastatsuan bezela, bigarren fase horretan be lehiaketea eta sariak egongo dira. Gaurtik, hilak 19, apirilaren 2ra arte egongo da Ebaluatoian parte-hartzeko aukerea.

Hizkuntza-ereduen garapenak aurrerapausoak emon ditu azken urteotan. Gaur egun, ChatGPT edo antzeko alkarrizketarako txatbotek erabiltzaileen galderei erantzuteko eta eduki barriak sortzeko gaitasun aurreratuak ditue. Horreek eregitea enpresa handien esku dagoala dirudi, baina UPV/EHUko HiTZ Hizkuntza Teknologiaren Zentroan beste bide bat aukeratu da: existiduten dan txatbot edegi on bat aukeratu eta horri euskeraz erakustea.

Proiektua handigurakoa da, eta hainbat pauso egin behar dira euskerazko txatbot onena egin ahal izateko. Eneko Agirre HiTZeko zuzendariak dinoanez: euskerazko txatbota egiteko bidean hainbat galdera barri planteau ditugu, izan be, gure helburua ez da bakarrik euskerazko txatbot onena egitea. Hori lortzeko bidean ikerketea egiten gagoz, ikasten doguna argitalpen zientifikoetan kaleratuz.

Horregaitik martxan da ebaluatoia.hitz.eus, ezinbestekoa baita erabiltzaile euskaldunek txatbotak erabili eta onena zein dan aukeratzen laguntzea. Ebaluatoian, erabiltzaileak eskaerea egingo dau webgunean eta horrek txatbot ezbardin bien erantzunak emongo deutso bata bestearen ondoan, erabiltzaileak erantzunen artean onena aukeratu daian.

Naiara Perez HiTZeko ikertzaileak dinoanez: ebaluazino mueta horri 'arena' esaten jako, hizkuntza-ereduak alkarregaz lehiatzen diralako eta txatbotak eszenatoki errealista eta praktikoan ebaluetea ahalbidetzen dau. Esangura horretan ohikoa da enpresak eredu onenak Ingeleserako Chatbot Arena dalakoan lehiatzera bialtzea. Guk nahiago izan dogu Ebaluatoia deitzea.

Ebaluatoiaren lehen fasea oso arrakastatsua izan zan, halanda ze, bost milatik gora parte-hartze jaso ziran, 250 parte-hartzailetik gora.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu