'Bizkaia koloretan' aldarrikatuko dabe
2025-03-18 08:13 Pil-pileanArraza Diskriminazinoaren kontrako Nazinoarteko Egunean.

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia koloretan aldarrikatzen dau, hau da, aniztasuna eta mestizajea aukera eta aberastasun sozial bezela onartzen dituan Bizkaia. Horretarako, datorren barikuan, martiak 21, Arraza Diskriminazinoa Desagerrarazoteko Nazinoarteko Egunean sensibilizazino-kanpainea egingo dau.
Kanpainea, arrazakeriaren kontrako astea osotzen daben jarduera batzuen barruan sartzen da eta Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko Foru Sailak babestutako beste jarduera batzuk be egingo dira. Adibidez, gaur (martitzena), ZAS! Euskadiko Zurrumurruen Aurkako Sarearen jardunaldia egingo da, eta, zapatuan, Bilborocken, kulturarteko Damba Jaialdia.
Jarduera horreek guztiak aurkeztu ditu Teresa Laespada Ahaldun Nagusiorde eta Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko foru-diputaduak, Bilbon, jantzea, musikea, DJa eta graffittiak izan dituan kaleko ekintza batean.
Laespadak adierazo dauenez: aniztasunaren aldeko apustua egiturazko kontua da foru-politiketan, Bizkaia gizarte plurala eta askotarikoa dalako. Argi eta garbi esan behar da Bizkaia dagoeneko gizarte mestizoa be badala, izan be, errealidade horrek aberastu egiten gaitu. Aurre egin behar deutsegu kultura-aniztasunak dakartzan erronkei eta zailtasunei, aukera bihurtzeko, hori baita gure begien aurrean daukaguna. Arraza-diskriminazinoaren kontrako kanpainak deutson bezala, ez dogu zuri-baltzean pensatu behar, koloretan baizik.
Sensibilizazino-kanpainea
Sensibilizazio-kanpaineari jagokonez, leloa Bizkaia koloretan / Bizkaia a colores da. Bizkaia edegi eta inklusiboaren alde egiten dauen kanpainea da; desbardintasunak onartzearen alde eta batzeak gizarte inklusiboagoa, sortzaileagoa eta kohesionatuagoa izatea dakarrela ulertzearen alde egiten dauena.
Arrazakeriaren kontrako astea aurkezteko erabili dan kaleko ekintzea EuskalRap Kultura-alkartearen eta Betto Snay raperoaren laguntzinoakaz egin da. Besteak beste, partaideak ondoko honeek izan dira: Afrian Vibes, Olicia, Lovalois, DJ Saugga eta Sol grafitigilea.
Gaur, 9:00etatik aurrera, Bizkaia Aretoan, ZAS! Euskadiko Zurrumurruen Aurkako Sarearen jardunaldia egingo da, Trebe-ZAS! Migrazioa, komunikazioa eta joera politikoak izenekoa.
Zapatuan, V. Damba jaialdiaren txandea izango da, Bilborock aretoan. EuskalRAP Alkarteak atondu dau, Aldundiaren laguntzeagaz. Kulturarteko eta arrazakeriaren kontrako musika-topaketea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!