'Lurra onduta, ziklo barri bati ekiteko'
2025-03-17 08:42 BertsolaritzeaSenpereko Larraldea baserrian egin da 2025 urteko Euskal Herriko Bertsozale Alkarteko Batzar Orokorra.

2024 urteari itxierea emon eta 2025 urteko egitasmoa eta aurrekontua onartu dira. Joan dan urtea zarratu eta daborduko begiradea jarria dogun erronka barri horreei heltzeko mugarria izaten da Batzar Nagusia eta holan izan da orain be. Alkar agurtzeko atxakian, egunari hasierea kafea usain epelagaz eta pasten gozoagaz emon deutsau Larraldean, Senperen. Larraldea baserri ederrari agur esango deutsagu aurten, eta, hori be izan da Batzar Nagusia bertan egitearen arrazoia. Oier Iurramendi koordinatzaileak agur berbetan eskerrak emon nahi izan deutsee larraldeatarrei: gure esker ona adierazo nahi izan deutsagu Andoni Iturriotzi urte honeetan guztietan gure proiektua eta beste hainbat kultur eragile babesteko erakutsitako konpromisoari. Larraldea 20 urtez izan da Bertsularien Lagunak Alkartearen egoitzea. Iurramendiren alboan Ainhoa Urien lehendakaritzako kidea egon da eta biek gidatu dabe saioa.
Ondoetorri eta esker berben ondoren, lehendakaritzako kideei emon deutsee berba egiteko aukerea. Bizi ditugun garai arrakalatsu, oldarkor eta sormenerako korapilatsuei egin deutse erreferentzia Onintza Enbeitak eta Sustrai Colinak. Baina, testuinguru horretan, alkartea babesleku ederra dala gaineratu dabe. Hori dala eta, alkartera batzeko deia egin dabe.
Oier Iurramendi, koordinatzailea: lan taldea azalbarrituta eta indarbarrituta dago.
Lehendakaritzeak koordinazinoari pasau deutso testigua. Azken Batzarretan ohikoa izan da mobimentu handiko urtea izan dala esatea, azaldu dau Iurramendik, eta azkena be holakoa izan dala gaineratu dau. Baina, horren gainetik ondokoa nabarmendu gura izan dau: lan taldea azalbarrituta eta indarbarrituta dago. 2025 urteari begiratzeko, 2018ko Gogoeta Estrategikoari heldu behar jakola azaldu dau, ibilbidearen erdia eginda dagoala nabarmenduz: zer egin dogun, zer egiten gabizen, zelan gabizen, zer garen eta zer falta jakun jakiteak hurrengo urteetarako pista asko emongo deuskuz. Beraz, 2025ean zehaztu ziran helburuen eta ekintzen errebisinoa egingo dogu.
Gogoeta Estrategikotik sei urte eta Eraso Matxistei Aurre Egiteko Protokolotik hiru urte pasau dirala gehitu dau Urienek: sortu zanetik izakera askotak hainbat eta hainbat kasu kudeatu dira, azaldu eta taldea egotearen beharra azpimarratu dau. Erasoen lan taldeaz harago, plan feministeak Alkarte osoa zeharkatu behar dauela zehaztu dau Urienek eta aurrerago heldu deutso plan feministeari Eneritz Urkolak.
Alorrez alor 2024 urteko memoriari eta 2025eko egitasmoei egin deutse lekua. Eskuz esku eta ahoz aho esparru bakoitza azaldu dabe: Xenpelar Dokumentazino Zentroa eta Ikerkuntza; Hezkuntza; Sustapena; Hedapena; Komunikazinoa; eta, amaitzeko, finantzak.
Ainhoa Urien, lehendakaritzako kidea: Plan feministeak Alkarte osoa zeharkatu behar dau.
Zenbakiak politikoak dirala azalduta, Ainhoa Urienek Xabi Igoa lehendakaritzako kideari eta Aritz Zerain Finantza Barrikuntza arduradunari emon deutse berba egiteko aukerea. Desorekak orekatzeko dagoan dinamikea nabarmendu dabe, alkar laguntzeko sisteman, eta 2025. urteari begira baikor agertu dira. Zenbakiak eta egitasmo nagusiak be jorratu ditue herrialdeetako ordezkariek; bost alkarte dira: Arabako Bertsozale Alkartea, Bertsularien Lagunak Alkartea, Bizkaiko Bertsozale Alkartea, Gipuzkoako Bertsozale Alkartea eta Nafarroako Bertsozale Alkartea.
Aritz Zerain, Finantza Berrikuntza arduraduna: aurrera begira jarrera baikorra da gurea.
Urienek zarratu dau goizeko saioa Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak bizi dauen egoereari ilusinoz eta anbizinoz begiratuta. Orain arteko ibilbidean aurrera jarraitzeko mugarritzat joten dau 2025. urtea, errotzen jarraitzeko moduko lur eremu sendoa baitau alkarteak, lanerako interesgarria eta ondorio interesgarriak emon leikezana. Ilusino horregaz batzarrari amaierea emonda, bestelako mahai bueltan eta bestelako forma batean jarraitu dau barriketaldiak. Kattalin Elizalde kolegioan bazkalduta amaitu da eguna, eta honegaz batera, hasi 2025 ziklo barria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!