'Artearen Memoria eta Gernika(k)' erakusketea Bilbon
2025-03-14 12:17 Kulturea2025eko martiaren 18tik apirilaren 16ra, Bizkaia Aretoan.

UPV/EHUko Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan (MHLI) ikertaldea 2011n sortu zan, eta memoria historikoaren arte-errepresentazinoen ikerketa, hezkuntza eta dibulgazino-ekintzak izan ditu helburu, kontuan hartuta XX. eta XXI. mende hasierako euskal kulturearen eta eremu iberiarraren arloak.
Taldeak hezkuntzara bideratutako jardueren testuinguruan kokatzen da 2025eko martiaren 18tik apirilaren 16ra Bilbon, Bizkaia Aretoa - UPV/EHUn, ikusgai jarri daben erakusketa, 2023 eta 2024 bitartean jorratutako hezkuntza-ekintzak erakusteko sortua. Esku-hartze didaktiko biren barri emoten da: batetik, gaztetxoentzako Memoriaren Artea eta Artearen Memoria Hezkuntzan proiektuaren pausoak jarraitu daitekez, eta, bestetik, Arte Ederretako ikasleek Gernika(k) biltzarrerako sortutako irudiez gozau.
Mari Jose Olaziregi irakasle katedraduna buru dauen taldearen helburuak ondokoak dira: Gernikako bonbardaketeak (1937) eta Picassoren Guernica (1937) koadroak euskal artegintzan itxitako aztarnak erregistretea eta trauma historiko horrek izandako birsemantizazinoak sakonean aztertzea. Bide horretan atondu zan, adibidez, Gernika(k)/Guernica(s) Nazinoarteko Kongresua, UPV/EHUko Udako Ikastaroen programearen barruan Gernikan bertan egin zana eta memoria gaietako erakundeetako ordezkarien mahai-ingurua zein askotariko hizlarien berbaldi eta aurkezpenak batu zituana. Era berean, Xabier Erkiziaren Aire errea soinu-instalazinoa eta erakusketea be orduantxe egon zan ikusgai Gernikako Bakearen Museoan,
gerrearen zarateari buruz hausnartzeko. Taldeko arduradunek iragarri dabenez, biltzarrean aurkeztutako ekarpenek lasterplazaratuko ditue eta ez da aurkeztuko daben argitalpen bakarra: barrituta datorren webgunean Gernika(k) datu-basea elikatzen dabiz dagoeneko. Bertan jasoten dira Gernikako bonbardaketea zein Picassoren koadroa agiri daben artelanen fitxak: eleberri, kantu, ipuin, irudi, ikus-entzunezko, ekitaldi eta bestelakoak.
Ikertaldeko UPV/EHUko Hezkuntza Fakultadeetako eta Letren Fakultadeko irakasle-talde batek bideratu dau Memoriaren Artea eta Artearen Memoria Hezkuntzan proiektua, unibersidadea-gizartea programa bati esker unibersidadeko kideen eta kanpo-eragileakaz alkarlanean sortua. Ume eta gazteentzako proposamen didaktiko interartistikoa da, Euskal Herrian, beren hurbileko historian zehar, eragin sakona izan daben gizarte gatazkak ume eta gazteakana hurbiltzeko eta horreen inguruan sormenez hausnartzeko. Laster ikusiko dau argia, Erein argitaletxearen eskutik eskolarako material horrek. Erakusketan eskolarako materiala sortzeko prozesua eta pausoak zeintzuk izan diran azaltzen da, bai eta gaztetxoakaz gidatze prozesuetan egindako esku-hartzeen bideoak eta irudiak erakutsi be.
MHLIko Arte Ederren Fakultadeko MHLIko ikertzaileek sustatu dabe Gernika(k)/Guernica(s) Kongresuko kartelgintza izeneko proiektua, ikastegiko Diseinuko Graduko zenbait irakasleren lankidetzeari esker. MHLI taldeak 2024ko bagilean Gernika-Lumon atondutako kongresuaren kartela sortzeko, hezkuntza jarduera bat landu eben Arte Ederren Fakultadeko Sorkuntza eta Diseinua Graduko 3. mailako ikasleakaz eta jardueran sortutako irudiak dira, hain zuzen be, Bilbon erakutsiko dituenak. Ikasle horreetako baten irudia, Amets Leriarena, aukeratu zan lehenago aitatutako nazinoarteko biltzarra iragarteko.
Martiaren 18an, arratsaldeko 18:00etan, edegiko dabe erakusketea eta bertan izango dira proiektuotan parte hartu daben hainbat ikasle. MHLI ikertaldeko arduradunen asmoa da, edegiera-ekitaldi hori, artearen bidez memoria ariketa bat egiteko ez eze, gune bat izan daitela unibersidadea eta gizartea irakaskuntza-barrikuntzako proiektuen bidez lotzeko eta ikusarazoteko biak harilkaturik egungo erronkei ekiteko ikasgeletan zein espazio publikoetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!