‘Gazteluak airean, edo zelan eregi gaur egungo utopia’

Bizkaie! 2025-03-14 08:02   Kulturea

V. Mugak/ Bienalarerako jardueren hirugarren eta azken deialdia martiaren 31n edegiko da.

Mugak/ Euskadiko Nazinoarteko Arkitektura Bienalak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Uri Agenda Sailaren ekimenak, bosgarren edizinoko programazinoko jarduerak hautatu ditu. Open Mugak/ deialdiaren bidez izan da, programa tematikoak, berbaldiak, bisitak, erakusketak eta kultura-adierazpen edegi eta dobakoak bultzatzea helburu izan dauenak, Gazteluak airean, edo zelan eregi gaur egungo utopia edizino honetako goiburuaren barruan. Lehen aldiz, deialdi hau estaduko eta nazinoarteko edozein erakunde eta/edo persona fisikori zuzenduta egon da, eta ez bakarrik Euskal Autonomia Erkidegokoei. Holan, sei herrialdetatik jaso dira proposamenak: Alemania, AEB, Espainia, Holanda, Mexiko eta Pakistan. Estadu mailan, Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik ez eze, beste zazpi probintzietatik be etorri dira proposamenak: A Coruña, Bartzelona, Madril, Nafarroa, Sevilla, Valentzia eta Valladolid.

Mugak/ Bienalaren bosgarren edizino honetako programea osotzeko hautatutakoak urritik zemendira bitartean landuko dira Bilbon, Donostian, Hernanin eta Gasteizen. Proposamenak uri bakotxeko hainbat tokitan egingo dira, besteak beste, hiru arkitektura iragankorretan: Levedad y denuncia: el bordado como utopía en femenino (Alderdi Eder, Donostia), Etxenoi (Emakumeen plaza, Bilbo), eta Utopía: prohibido el paso (Andre Maria Zuriaren plaza, Gasteiz).

Kontuak kontu, Bilbo da, barriro be, Arku Atlantikoko hitzordu arkitektoniko nagusiaren erdiguneetako bat: Etxenoi Emakumeen plazan eregiko dan arkitektura iragankorraz gan, Bizkaiko uriburuak aurten be Mugak/ Bienalaren kultur proposamenaren zati bat batukodau.

Hautatutako lehen proiektuak Protopía dau izena eta Pablo Alberich eta Ana Retuerto arkitektoek asmautako erakusketa kolektiboa izango da. Sortzeko, arkitekturearen, diseinuaren, filosofiaren eta artearen eremuko 16 persona utopiaren inguruan hausnartzeko proponiduten dabe. Arkitekturako utopiari buruzko testu bat dauen kutxa bat bialduko deutse eta pieza bat sortzeko, kutxan barriro sartu eta bialtzaileei helarazoteko eskatuko jake, erakusketeagaz bat egin deie. Proposamenak sorkuntza eta eraldaketa-prozesuari balioa emoten deutso eta eragileek egindako ariketen batureak agirian itxiko ditu diziplinen interpretazino-aniztasuna eta sortze-prozesu atipikoa eta ez lehiakorra bera, azaldu dabe egileek.

La isla utópica de Jorge Oteiza programa publikoa izango da, eskultoreak, arkitekto gazte talde batega batera, 1990eko hamarkadako erdialdean Zorrotzaurrerako proponidutako proiektuari buruzko berbaldi, jarduera, tailer eta bisitakaz. Erdigunea Azkuna Zentroa (Bilbo) izango da, Bienalaren kolaboratzaile lez barriro be bat egingo dauena eta Zorrotzaurrera bisita batzuk be izango dira San Telmon (Donostia). Proposamenak oso ondo lotzen ditu eskultorearen eta Utopia alegiazko eremuak, 1516an Thomas Morek (Tomás Morok) ilargi erdi handi lez deskribidutakoa. Oteizaren proiektu horren bidez, bere pentsamendu utopikoa inplikauta egon zan beste proiektu batzueta: gure ustez, Tomás Morok bezela, utopiak pentsetako modu hoberik ez dago Ugarte edo eremu baten lurraldean baino eta utopiei eskainitako Bienal honek, pabilioi, erakusketa eta tailerrez gan, bere ugarte propioa izan beharko leuke, azaldu dabe proposamenaren egileek, Jorge Oteiza Museo Fundazinoak eta AHIKU alkarteak.

Azkenik, ‘Architecture without building’ Maushaus idea laborategitik dator, No Mans Land alkarteagaz lankidetzan. Yona Friedmanen obra eta pentsamendua ardatz hartuta Euskadiko hiru uriburuetan ibiliko dan eraikuntza tailerra. Arkitekto erradikal eta ameslari honen ondarea erabilten dau eta bere pentsamendua eta filosofía espazio publikoan hiru tailerretan eregiko diran hiru instalazinoren bidez helarazoten ditu, hiru arkitektura iragankorrei gehituko jakezanak. Horretarako, tokiko artistak konbidauko dira alkarrizketa, berbaldi edo eztabaida parte-hartzailea publikoagaz,
alkartruke kolektiboari begira, No Mans Landeko kideakaz batera.

Mugak/ Bienalaren bosgarren edizinorako jardueren hirugarren eta azken deialdia martiaren 31n edegiko da. Off Mugak/ izenpean, aldez aurreko finantziazinoa daben eta ekitaldi paraleloen programan parte hartu nahi daben proiektuei zuzenduta dago, Bienala ikuspegi independenteetatik aberasteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu