Hemen da 30. Sopelako Esaera Zaharren Txapelketea

Bizkaie! 2025-03-13 11:16   Kulturea

Eguzkixak nora, zapixak hara, apirilaren 5ean izango da.

Eguzkixak nora, zapixak hara goiburupean dator. Parte hartu nahi dabenek martiaren 31ra arte dabe zabalik izena emateko epea, www.praktikatu.eus/esaerazaharrak atarian. Hortxe dagoz ikasi beharreko 100 atsotitzak (azalpenakaz batera) eta lehiaketako oinarriak be. Aurten, 30. edizinoa danez, egitarau berezia atondu dabe AEKko atontzaleek. Aurten beste hitzordu batzuk be izango dira aurretik, giroa berotzen hasteko. Adibidez, martiaren 24an inaugurauko da Esaera Zaharren Txapelketea, 30 urte izeneko erakusketea, Sopelako Kurtzio Kultur Etxean. Apirilaren 3rako, kalejirea eta kantu-poteoa atondu ditue, Sopela Kantari taldearen eskutik; eta apirilaren 4an, umeentzako disko-festa udaletxeko plazan (euria bada, Zipiriñe eskolako patioan).

Egun nagusia igarota, apirilaren 10ean, Esalegeak gurean berbaldia eskainiko dabe Akaitze Kamiruagak eta Iñaki Gilisastik; eta, azkenik, maiatzaren 20an, Adolfo Arejita euskaltzainak esaera zaharren gainekoa ekarriko dau. Biak izango dira Kurtzio Kultur Etxean.

30. Sopelako Esaera Zaharren Txapelketea

Lehenengo edizioa (1992koa), berez, Sopelako Nikola AEK eta Algortako Lauaxeta AEK euskaltegietako talde biren arteko lehia izan zan, 60 bat atsotitz erabilita, mintza-praktika egiteko pentsautako ekintza berezi bat. Afari bategaz amaitu zan, eta kito.

Sopelako Gabi Basañez eta Algortako Josu Landeta irakasleen idea izan zan atsotitzak eta bertsoak batzea ekimen haretan, biak baitziran euskera-irakasleak eta Algortako Bertso Eskolako (ALBE) kideak.

Bizpahiru urte aurrerago, ekintza haregaz segidutea erabagi eben; Nikola AEKk hartu eban beregan atontzeo ardurea, eta II. edizinoak arratsalde osoa hartu eban euskaltegian bertan. Ordutik aurrera, euskerea kalera atarateko asmoz, edozeinek parte hartzeko aukerea zabaldu eta orduan hasi ziran partaide guztiei gogoramenak emoten. Baina laster lehiaketea bazkariagaz hasi eta egun-pasa bihurtu zan: zapatu osoko plana.

Euskaltegiko ekintza moduan hasi arren, sekulako bilakaerea izan du ordutik: atsotitzen zerrendea potolotu egin da (100 dira, aspalditxotik), tartean guzurrezko esaera bat sartzen hasi ziran... Urtez urte joan dira barrikuntzak sartzen, gaur egungo oinarri gehienak finkatu arte. Tartean, anekdotak be izan dira, zelan ez; adibidez, ondoegi preparau eta beti irabazten eban taldea (publiko osoak hareen kontra egiten eban, betikoek ez irabaztearren).

Gaur egun, batez beste, 80-90 lehiakide inguru erakarten ditu Txapelketeak eta egun-pasa ederra bihurtu da: Sopelako kaleetan euskerearen presentzia bermatzeaz gan, ALBEko bertsolarien, AEKko kideen, lehiakideen, musikarien eta epaileen artean, 100-120tik gora lagun batzen ditu, goizean hasi eta iluntzean amaitu arte, Artadi garagardaotegiko bazkarian deskantsua hartuta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu