'Zubiak behar ditugu, ez hormak'

Bizkaie! 2025-03-13 08:57   Kulturea

New York, memoriaren eta etorkizuneko zubi euskal komunidaderako.

Imanol Pradales lehendakariak New Yorkeko euskal komunidadeari eskatu deutso Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Estatu Batuen artean lotura egonkor eta iraunkorrak sortzeko lanagaz jarraitzea: Estadu Batuetan zuek gure antenak izatea nahi dogu eta bidean sortzen diran aukerak gu identifiketan laguntzea. Halanda ze, herrialdearen errealidadeari zentzuna hartzen laguntzea. Lotura egonkor eta iraunkorrak sortzen jarraitzea nahi dogu, Euskal Autonomia Erkidegoak Atlantikoaren beste aldean be badauen protagonismoa indartzeko eta, holan, hobeto konektauta egoteko. Zubiak behar ditugu, ez hormak.

New Yorkeko Euskal Etxean (Euzko Etxea) egindako topaketean, Imanol Pradalesek Euskal Autonomia Erkidegoaren eta haren diasporaren arteko loturak indartzearen garrantzia azpimarratu dau, Euskadi Global estrategiaren barruan.

Estadu Batuetara egindako lehen bidaia instituzinonalean, Lehendakariak autortzea egin nahi izan deutso New York etxe bihurtu daben euskal gizarteari. Arlo horretan, Valentin Agirre eta Benita Orbe lako persona garrantzitsuak gogoratu ditu, izan be, Ellis ugartera heldu barriei lagundu eutsen, baita Jose Antonio Agirreri be, halanda ze, bertatik jarri eban martxan Eusko Jaurlaritzea.

Joandako denporak gogoratzeaz gan, orainean eta etorkizunean jarri dau arretea Lehendakariak, diasporagazko lotura kultural, sozial eta ekonomikoak bizirik eusteko beharra azpimarratuz: New Yorkek itxaropena eta aukerak sinbolizetan ditu, hona heldu ziran euskaldunentzat belaunaldiz belaunaldi egin dauen bezela.

Euzko Etxearen egoitzan egindako harrera-ekitaldian New Yorkeko euskal komunidadearen ordezkaritza handia batu da: bigarren eta hirugarren belaunaldien ondorengoek, urian sustraiak dituen herritarrak eta hainbat esparrutan ibilbide emonkorra izan daben migratzaileak.

Bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxea; Zientzia, Unibersidade eta Barrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesias; Bizkaiko eta Gipuzkoako diputadu nagusi Elixabete Etxanobe eta Eider Mendoza; eta Emakundeko zuzendari nagusi Miren Elgarresta. Era berean, kultura eta irakaskuntza arloko persona ospetsuak be egon dira bertan, besteak beste, Juan Ignacio Vidarte, Miren Arzalluz eta Jon Azua.



Erreferente historikoa

New Yorkeko Euzko Etxea, 1913an sortua eta Brooklyngo Greenpoint auzoan kokatuta, Estadu Batuetako euskal etxe zaharrena da eta mende luzez uri horretan euskal kulturearen bilgune eta babesgune izan da.

Gaur egun, 40 euskal etxe dagoz Estadu Batuetan zehar, euskal komunidadearen presentzia handia daben eremuetan banatuta, esaterako, Boisen (Idaho), Bakersfielden (Kalifornia) eta Renon (Nevada).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu