49 konpainia Umore Azokearen XXV. edizinoan
2025-03-12 08:29 KultureaMaiatzaren 15etik 18ra arte izango da.

Umore Azoka 2025, Leioako Kale Artisten Azokeak, 25. urteurrena ospatuko dau aurton. Euskadiko kale arte eszenikoen ekitaldi garrantzitsuenetako bat da. Maiatzaren 15etik 18ra arte, Leioako kaleak antzerki, jantza, zirku eta musikaz beteko dira, 49 konpainien eskutik. Guztira, 600 proposamen baino gehiago jaso dira.
Aurtongo edizinoan, 21 euskal konpainiak, Estadu mailako 21 konpainiak (besteak beste, Andaluzia, Katalunia, Madril, Valentzia, Nafarroa eta Murtzia) eta nazinoarteko 7 konpainiak hartuko dabe parte, Taiwan, Japonia, Portugal, Belgika, Erresuma Batua eta Argentinatik etorriak.
Programazinoa
Egitarauak ikuskizun ugari eskainiko ditu, tartean 27 estreinaldi absolutu, Euskadin lehen aldiz aurkeztuko diran 18 lan eta edizino horretarako bereziki sortutako obra bi.
Teatro Sobre Ruedas konpainiaren Revolución ikuskizuna izango da ekitaldi nagusietako bat, irisgarritasunaren alde eginez, desgaitasun funzinonala daben personei zuzendutako proposamena da-eta: ganera, artistetako batek erruberadun jarlekuan parte hartzen dau. Bestalde, Visitans konpainiak Valentziako mascletá tradizionala eroango dau Leioara, publikoak modu aktiboan parte hartu ahal izateko.
Jantzearen arloan, Janire Etxaberen Atxine kaleko bersinoa estreinauko da, lehen aldiz jantza bertikala alde batera itxiz eta jantza esegian oinarritutako ikuskizuna eskainiz, uriko performanceei ikutu barritzailea emonez.
Umore Azoka 2025 hausnarketa sozialerako eta aldarrikapenerako gunea be izango da. La Troupe Malabó konpainiaren Einere, una carpa bajo el cielo eta La Pez konpainiaren J.M. Brutal: el heladero que paró una guerra ikuskizunek bakea eta gerren kontrako diskursoa landuko dabe. Zen del Sur konpainiak be autismoaren aldeko aldarrikapena egingo dau Xprecto lanagaz, zirkua eta musikea buztartuz.
Edizino horrek aniztasuna izango dau ardatz, batez be, zuzeneko musikeak protagonismo handia izango dau. Mattalingo Alabak taldea izango da horren adibide, baita Zen del Sur eta Teatro Sobre Ruedas konpainiak be.
Beste aldetik, umorea be ez da faltako, Circ Vermut konpainiaren La paradeta lako ikuskizunagaz, taldeak, publikoaren parte-hartzea buztartuko dau, ganera sekulako amaierea izanez. Trapu Zaharrak, barriz, La última y nos vamos! umorezko obrea aurkeztuko adu. Esperientzia multisensoriala ez da faltako El circo de los sentidos eskutik.
Hiru kontinentetako artisten presentzia
Nazinoarte mailan, hiru kontinentetako artistak alkartuko dira, besteak beste, Argentinatik datorren zirkuko bikotea, Nos03 lanagaz, munduko beste txoko batzuetatik etorritako konpainiez gan.
Jaialdia Leioako erdigunean kokatutako hainbat gunetan egingo da. Ganera, 25. urteurrena ospatzeko argi eta pirotekniako gaueko ikuskizunak izango dira. Betiko lez, udalerriko kaleak eszenatoki erraldoi bihurtuko dira eta festibaleko espazioen arteko mobikortasuna erraza eta azkarra izango da.
600 proposamen baino gehiago
Umore Azokearen berezitasunetako bat kale arteen industriaren garapenean egindako ekarpena da, sektoreko profesionalentzako topagune bezela finkatuz. Guztira, 49 konpainia aukeratu dira 600 proposamen baino gehiagoen artetik, Umore Azokearen sendotasuna eta erakargarritasuna nabarmenduz.
Halanda ze, Leioak kulturearen eta kale arteen erreferentziako gune bihurtuko da barriro be, sormen barritzailez betetako agendeagaz eta arte eszenikoak disfrutetako giro parebakoagaz. Konpainia guztiei buruzko informazinoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!