'Negozio txikiak dira uria egiten dabenak'

Bizkaie! 2025-03-11 08:39   Kulturea

Juan Mari Aburtok Bilboko baldosak banatu deutse uriko 204 enpresa barriri.

Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea XXI. Bilbo Ekinean Galaren buru izan da, Azkuna Zentroan. Alkateak Bilboko Baldosak banatu ditu, igaz urian 204 negozio barri martxan jarri zituen ekintzaileak autortzeko eta saritzeko.   
Galearen 21. edizioa, Bilboko ekintzaileei esker ona emoteko eta egindako lan autortzeko egiten dana, berezia eta parebakoa izan da, izan be, 2024ko zifrek marka guztiak hausi ditue, agerian itxiz Bilboko herritarren espiritu ekintzailea gero eta handiagoa dala. Askok begiratu beharko leiketeen ispilua zarie, jarraitu beharreko adibidea; Bilboren oraina eta etorkizuna, gure uriaren benetako balioa eta ahalegina, lana eta sakrifizinoak egiten dituzue gero eta ekintzaileagoa dan Bilboren mesedetan. Horregaitik, emoten dozuen aurrerapauso bakotxean jagon eta lagundu nahi zaitue Udalak. Eskerrik beroenak eta zorionak uriko jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren benetako bultzatzaileak izateagaitik, esan deutse Alkateak saria jaso daben ekintzaileei.

Bestalde, Kontxi Claver, Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Saileko Zinegotzia be izan da XXI. Bilbo Ekinean Galean. Berton, espiritu ekintzaileak Bilbon izandako hazkundea azpimarratu nahi izan dau, gero eta profil anitzagoak dagozela nabarmenduz: hogei urte baino gehiago pasau diranean, askotariko negozio eta profilak dituen gero eta persona gehiagoren espiritu ekintzailea saritzen jarraitzen dogu eta hori benetan aberasgarria da. Ekintzailetzaren esparruan igaz erregistrautako zifra bikainen aurpegia zarete.

Galeari hasierea emoteko, Ohorezko Aurreskua eskaini dau Bilbao es Ballet konpainiako Teresa Gonzalez Ardanazek, Pedro Ribeiro biolontxelistagaz batera. Opera Prima konpainiak interpretautako emonaldia be eskaini da.

Markak hausten

Bilbao Ekintzaren bidez eskaintzen diran udal-zerbitzuen laguntzinoakaz 2024an sortutako negozio eta enpresa barrien jarduera-balantzeak aurretik aitatutakoa berresten dau, nabarmendu beharreko honako datu honeekaz: 293 enplegu sortu dituen 204 enpresa; ekintzaileen % 79ak 45 urtetik beherako adina dau; negozioen erdiak emakumeek sortu ditue; enpresen % 35 migratzaileek sortu ditue.

Jarduererari jagokonez, ondoko honeek dira nabarmenenak: merkataritzea (% 12,5), sormen-industriak (% 9,72), zerbitzu aurreratuak (% 4,17) edo eremu digitalekaz eta Internetegaz lotutakoak (% 2,78).

Bilbao Ekintzako Ekintzailetza Zentroan emoten diran zerbitzu guztiak doban eskaintzen jakie ekintzailetzaren komunidadeari eta Europar Batasunak % 40an finantzatzen ditu 2021-2027 Europako Plus Gizarte Funtsaren bidez.

Ikusi hemen negozio eta enpresa barrien zerrendea.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu