EAEko gazteei zuzendutako New Yorkeko Guggenheim Museumerako beka programea martxan
2025-03-11 07:54 KultureaIzena emoteko epea apirilaren 21ean amaituko da.

Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim Museoek EAEko lau gaztek New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museumen esperientzia profesionala izateko aukerea eskaintzen dabe beken hamaikagarren deialdiari esker. Aurtengo edizioa urria eta abendua bitartean izango da eta izena emoteko epea apirilaren 21ean amaitutzat joko dabe: hautatutako gazteek 4.000 dolarreko diru-laguntzea jasoko dabe.
EAEko ikasleei zuzendutako udagoieneko beka programa honek esperientzia profesionala eskaintzen dau arteagaz eta museoen jardunagaz zerikusia daben gaietan trebatzeko New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museumeko hainbat arlotan. Praktikaldiak graduau barri diran ikasleei (2004ko urriaren 6tik aurrera) zein graduaren azken urtea edo graduondoko ikasketak egiten dabizen ikasleei zuzenduta dagoz, beti be baldintza bi honeek beteten baditute: EAEn jaioak izatea edo bertan bizitea 2023eko urtarrilaren 1etik eta ingeles-maila altua izatea, ahoz nahiz idatziz. Hainbat arlotan lan egiteko aukerea eskaintzen dabe eta horreen artean dagoz: arte-ardurea, erakusketen diseinua, hezkuntzea, komunikazinoa eta hartu-emon publikoak.
Praktikaldiak irauten dauen bitartean ikasleek banakako proiektu bat landu beharko dabe, bileretan parte hartu eta praktikaldia egiten dabizen arloari jagokozan jarduerak bete beharko ditue; eta esperientziaren osogarri, bisitaldiak egingo ditue erakusketa-aretoetara, bilduma pribatuetara, enkante-etxeetara eta uriko beste museo batzuetara.
Interesdunentzat Museoaren webgunean dagoz oinarriak eta bertan emon leikie izena apirilaren 21era arte hemen.
Programeari lotutako edozein duda edo galdera izan ezkero, jarri Museoagaz hartu-emonetan helbide honetara bialduz: basqueinternships@guggenheim-bilbao.eus
Ikasleentzako bekak bai artista hasibarrientzako egonaldi-programa 2014ko abenduan Guggenheim Bilbao Museoak eta Solomon R. Guggenheim Foundationek proiektu barrien bidez erakunde bien arteko harrtu-emonak sendotzeko sinatutako Kudeaketa Akordioaren baerritzearen parte dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!