Maggie Bullen da UPV/EHUren Bardintasun zuzendari barria

Bizkaie! 2025-03-11 07:40   Kulturea

Genero egitura barri baten alde lan egiteko dei egin dau.

#fEHUminista Emakumeen Nazinoarteko Eguneko ekitaldi ofiziala egin dau Euskal Herriko Unibersadeak gaur Vitoria-Gasteizko Injinerutza Eskolan.

Genero ikuspegia daben UPV/EHUko 17 ikasleren lanak saritu eta bardintasunaren aldeko konpromisoagaitik sei lankide omendu ditue.

Bardintasuneko arduradun barri Maggie Bullenek lehenengoz zuzendu dau UPV/EHUren Emakumeen Nazinoarteko Eguna. Genero hartu-emonak eraldatzea ezinbestekotzat jo dau Bullenek eta generoaren gaia aldarrikatu: emakumeok ez dogu gizonen ondoan segurtasun-espazio batean bardintasun-posizino bat izan nahi, era guztietako personen artean eregitea da asmoa, edozein generotako persona izatea egitura horren zimenduetan baitago eta badakigu beste faktore batzuk behar dirala eraikinaren orekarako, parekidetasunerako, harmoniarako kontuan hartu behar ditugunak: dibersidade funtzionala, arrazakeria, lehentasun eta identidade sexuala, edadea eta egoera sozioekonomikoa. Bestalde, sexu eta genero indarkeria gogoan, alkartasuna adierazo deutse Palestinan, Ukrainan eta munduko beste hainbat lekutan muturreko indarkeriak jasaten dituen emakumeei.

Arabako Campuseko errektoreorde Ixone Fernandez de Labastida Medinak, CRUEren manifestuagaz bat eginez ondokoa adierazo dau: aukera bardintasunak sustatzeko eta emakumeak ahalduntzeko hezkuntzan eta ikerketan lan egiteko konpromisoa dogu EHUn, goi mailako hezkuntzea ezin dalako neutrala izan. Gogoratu dauenez, zientzien adarretan ikasleen % 54 emakumeak izan arren, injinerutza arloak guztiz maskulinizauta segiduten dau, 10etik 3 baino ez dira emakumeak eta arrakala hori gitxitzeko lanean gabiz

UPV/EHUren idazkari nagusi Leire Garmendia Arrietak zarratu dau Bardintasuneko eguneko ekitaldia. Aurtengo goiburua gogoratuz, Genero arrakaleari, diskriminazinoei eta erasoei, aurre, genero ezbardintasuna ahalbidetzen dauen egiturazko arazoa indar barik itxi behar dala aldarrikatu dau. Bardintasunean sakontzeaz gan, dei egin dau personak jagon eta komunidadea sendotzea bermatzeko tresnak eskuratzeko lan egitea dala giltza, zientzia oinarri hartuta.

Berdintasun sariak

Genero sistema binarioen eta hegemonikoen oinarriak astintzen laguntzen dituan UPV/EHUko komunidadearen lana goratzeko eguna izan da gaurkoa, feminismotik eregi eta eregiko dogun unibersidadea ospatzeko, Maggi Bullenek azaldu bezela.

Kontuak kontu, orain dala hamarkada pasatxo sortu zituan Euskal Herriko Unibertsidadeak Francisca de Aculodi, Maria Goyri eta Micaela Portilla sariak banatu dira gaur, gradu eta master-amaierako lanetan nahiz doktorego tesietan genero-ikuspegia txertatzea bultzatzeko eta ezagutarazoteko lanik onenei. Aurten hamaika lan saritu dira hiru kategorietan:

Gradu amaierako lanetarako Francisca de Aculodi XI. Sariak:

  • Arteak eta Humanidadeak: Maider Lumbreras Otamendi (euskeraz) eta Claudia Yurena Larrad (gaztelaniaz).
  • Injinerutzea eta Arkitekturea: Ihartze Diaz Cueli (euskaraz) Maitane Gómez González (gaztelaniaz). Zientziak: Olaia Farto Juaristi (euskeraz).
  • Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak: Ane Lapitz Kaltzada (euskeraz) eta Natalia Navas Gil (gaztelaniaz).
  • Osasun Zientziak: Izaro Erzilla Etxegibel (euskeraz) eta Alma Ezquerro Hassenpflug (ingelesez).

Master amaierako lanetarako María Goyri XIII. Saria:

  • Naia Irati Gambra García.

Doktorego tesietarako Micaela Portilla Vitoria XII. Saria:

  • Uzuri Albizu Mallea.

Omenduak

Lan akademikoak saritzeaz gan, UPV/EHUren komunitateko kide diran sei emakume omendu ditue Emakumeen Eguneko ospakizunean, unibersidadean eta gizartean egin daben ibilbideagaitik. Horreetako bost hautagaitza bidez aukeratu dira; seigarrena, barriz, hautagaitza berezia izan da: Elena Leiñena, orain arteko Bardintasun zuzendari izandakoa.

Omenaldi berezia jao dau Elena Leiñena Mendizábal Zuzenbideko irakasleak UPV/EHUko Bardintasun Zuzendaritzea zuzentzen emon dituan lau urteengaitik. Agintaldi horretan, bere taldeagaz batera lortu dau, indarkeriaren kontrako eta transen protokoloen aplikazinoa bideratzea, Akademe eta Lemari lidergo-programak sendotzea, kontziliazino- gidea onartzea eta IV. Bardintasun Plana aurrera ataratea.

Arteak eta Humanidadeak: Maria Jose Olaziregi Alustiza: Euskal Filologian doktorea, katedradun honek Literatura eskolak emoten ditu Letren Fakultadean. Irakasle egon da atzerriko unibersidadeetan be: Center for Basque Studies (Reno, Nevada), Constanzako unibersidadea (Alemania), University of Chicago eta City University of New York. Euskal literaturearen historiografia eta kritikea, genero-ikasketak eta literatueraren soziologia landu ditu. Gaur egun, Jakiundeko kide osoa da eta, 2013tik, Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan UPV/EHUko ikerketa-talde sendoa zuzentzen dau.

Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak: Yolanda Jubeto Ruiz: UPV/EHUn Enpresen Administrazino eta Zuzendaritzako ikasketak egin ondoren, graduondoko ikasketak egin zituan Amsterdamgo Unibersidadean, politika publikoen arloan. Haren doktore-tesia Aurrekontu Publikoari buruzkoa izan zan ikuspegi feministatik eta, hortik abiatuta, arlo horretako ikerketa nagusiak egin ditu. Eskolak emoten ditu hainbat masterretan, HEGOA institutuak Globalizazino, Garapen eta Nazinoarteko Lankidetzearen arloan atontzen duen masterrean, Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterrean eta Ekonomia Sozial eta Solidarioa Masterrean. Azken urteetan Esperientzia Geletan be eskolak emoten ditu, Euskal Herriko Historia Ekonomikoaren eremuan.

Zientziak: Maria Jesus Irabien Gulias: Geologia Zientzietan lizentziaduna eta Zientzietan doktorea UPV/EHUn. Haren ikerketek estuarioetako arestiko ingurumen-eraldaketea aztertzen dabe, sedimentuen kutsaduran oinarrituta. Zientziagaz eta generoagazn lotutako dibulgazino-jardueren antolaketan parte hartzen dau 2012tik.

Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak: Nahia Idoiaga Mondragón: Psikologian doktorea, Bilboko Hezkuntza Fakultadean eskolak emoten ditu. Genero-bardintasunari eta feminismoari buruzko ikerketa, irakaskuntza eta dibulgazino akademikoan erreferentea da. KideOneko kide lez, hainbat arlo jorratu ditu hezkidetzearen, feminismoaren eta genero-bardintasunaren inguruan, unibersidadeko diskurso antifeministen azterketa, historia feministearen ordezkapena eta hezkuntza-sistemako genero-dinamiketan. Europako hainbat proiekturen buru izan da eta genero-ikuspegia unibersidadean ez eze funtzionarioen artean be txertatzeko estrategiak landu ditu.

TEKAZEL: Susana Andino García: psikologia ikasketak egin ondoren, UPV/EHUko Soziologia 2 Sailean doktorau zan. 2017an bueltau zan ikasgeletara, Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterra egiteko. Ebaluazino-teknikaria da TEKAZELen. Patriarkatuak emakumeoi arlo sozial, politiko, sindikal eta akademikoan zeregin oso subsidiarioa esleitzen deuskula aztertzeko balio deust. Emakumeen arteko aliantzak sortu eta horreei eutsi behar deutsegu, konfidantzazko espazioak sortuz. Indarkeria matxistarik bako espazioak behar ditugu, eremu guztietan gure ahotsa entzun daiten. Konfidantza osoa dot UPV/EHUk feminismoan urratsak emoten jarraituko dauela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu