Pablo Urangaren birlobeak Aldundiari dohaintzan emondako obra bat Euskal Herria Museoa ikusgai
2025-03-10 11:26 KultureaLeire Irazabal museoko zuzendariak eta artistearen familiak Pablo Urangaren bozetoa aurkeztuko dabe.

Bizkaiko Foru Aldundiak Pablo Uranga artistearen obra bat jaso dau dohaintzan, haren birloba Elena Urangaren bitartez. 1917an egindako bozeto bat da eta Ramon de la Sota industrialariak Algortan eban egoitzea dekoretako enkargu baten barruan egin eban. Obrea Lope Garcia de Salazarren Bienandanças e Fortunas laneko istorioetan inspirautako horma-pinturen multzo baten parte da eta BFAren zaharbarritze-atalak egin dau lan hori. Euskal Herria Museoaren lehen pisuko Historiaren hasiera aretoan jarri da, erakusketa iraunkorrean.
Ramón de la Sotaren enkargua izan zan formatu handiko bederatzi eszena sortzea, Erdi Aroko bandokideen arteko burruketan oinarritutako gai historizistakaz. Legendearen arabera, marrazkia bederatzigarren eszenari jagoko eta hor agiri da Bernal de las Calabazasek bere ahaide Juan de Salazar zauritzen dauela, erratuta; lantza-kolpe batez zeharkatzen deutso burua, ahotik sartuta. 20 metro baino gehiagoko lan handi hori hile bitan egin eban Urangak eta 1917ko abuztuan jarri eben obrea industrialariaren etxean. Eszenak zehetasun handiz sortu zituan, Lope García de Salazarren lanean oinarrituta.
Dohaintzan emondako bozetoa hiru metro luze da eta museoaren beraren instalazioetan jarri behar izan jako markoa, ondo konserbauko dala bermatzeko. Martiaren 11tik aurrera egongo da ikusgai Gernikako Euskal Herria Museoan. Egun horretan egingo da aurkezpena, 18:00etan. Euskal Herria Museoaren bilduman sartuko dan obra hau testuinguruan kokatzeko, Ana Prestamero arte-historialariak Pablo Urangari eta haren lanari buruzko berbaldi bat emongo dau aurkezpen-egunean.
Pablo Uranga
Pablo Uranga Diaz de Arcaya (Gasteiz, 1861 - Donostia 1934) euskal margolari bat izan zan eta hainbat genero landu zituan: kostunbrismoa, erretratua, dekorazino-pinturea edo historia-pinturea, besteak beste. Bilboko Euskal Artisten Alkarteko kide sortzailea izan zan. Besteak beste, Madrilgo San Fernando Arte Ederretako Akademian ikasi eban eta hor Paco Durrio eskultorearen lagun egin zan. 1888an, Parisera joan zan, ikasten jarraitzeko, eta banakako eta taldeko erakusketetan parte hartu eban. Parisen Ignacio Zuloaga ezagutu eta, aurerago, haregaz alkarlanean ibili zan, Bermeoko (Bizkaia) kasinoko horma-pinturetan. Erakusketa askotan erakutsi zituan bere lanak eta domina bat irabazi eban Zaragozako 1908ko Erakusketa Hispano-frantsesean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!