'Patio irekiak' proiektua, 'Innovation in politics awards 2025' sarietarako izentauta

Bizkaie! 2025-03-07 13:23   Kulturea

Gaur egungo erronketarako soluzino barritzaileak autortzen ditue.

Bilboko Udaleko Hezkuntza Sailak sustatutako Patio Irekiak proiektua Innovation in Politics Awards 2025 Europako sari ospetsuen Hezkuntza kategorian izentau dabe. Sari ospetsu horreek The European Capital of Democracy eta The Innovation in Politics Institute erakundeek atontzen ditue.

Indautxuko eta Basurtuko eskola publikoetan modu pilotuan martxan jarritako ekimen horren helburua da eskoletako jolastokiak eskola-orduetatik kanpo edegitea eta dinamizetea, Bilboko ume, nerabe eta familientzako topagune seguru bihurtuz. 6 eta 12 urte bitarteko ikasleei batez be zuzendua, Patio irekiak programeak dibersinoa, bizikidetzea eta sozializazinoa sustatzen ditu ingurune babestuetan.

Innovation in Politics Awards 2025 sarien sustatzaileek adierazo daben bezela, proiektuak eskola-komunidadeek eta gazteek dibersinorako eta bizikidetzarako espazio publiko seguruen alde egindako eskaereari erantzuten deutsela uste dogu. Gure ustez, proiektua beharrezkoa eta barritzailea da eta Europako beste leku batzuetan aldaketa positiboak eregiteko ahalmena dau.

Eider Bilbao Bilboko Udaleko Hezkuntzako zinegotzi ordezkariak adierazo dauenez, Europako beste uri batzuetan antzeko ekimenak inspiretako ahalmen eraldatzailea dauen proiektua da.

Hezkuntzan eta gizartean dauen ereginaz gan, proiektuak Lanbideren babesa dau eta gazteen enplegagarritasunari laguntzen deutso, Lehen esperientzia profesionala administrazino publikoetan programearen bidez, Gizarte eta Hezkuntza Zientzietako hiru titulatu gazteri lan-munduan sartzen lagunduz.

Innovation in Politics Awards sariek gaur egungo erronketarako soluzino barritzaileak sustatzen dituen lider politiko eta sozialen lana autortzen dabe. 2017an sortu ebenetik, 30 herrialdetako 5.000 proiektu baino gehiagok parte hartu dabe, 500 finalista eta irabazle baino gehiagogaz. Proiektuak 1.000 europarren epaimahai batek ebaluetan ditu, proiektuen inpaktua eta barrikuntzea balorauta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu