Sancti Spiritus egoitzeak Jose Manuel Gabantxo pintorearen lan bat jaso dau dohaintzan

Bizkaie! 2025-03-06 13:45   Kulturea

1985. urtean egindako lana da Bermioko enbarkaziñuak izenekoa.

Gaurtik aurrera, Bermeoko Sancti Spiritus udal zaharren egoitzak artelan barria dauka bere hormetan eskegita, areto nagusian, hain zuzen be. Dohaintzan jaso dau itsasoan eta itsas tradizinoan inspirautako lanak sortzeagaitik ezaguna dan Jose Manuel Gabantxo ointore bermeotarraren koadroa: Bermioko enbarkaziñuek.

Gaur goizean bermeotarrari esker ona adierazoteko ekitaldia egin da zaharren egoitzan. Bertan izan dira, besteak beste, Bermeoko Udaleko ordezkariak, egoitzako arduradunak eta egoiliarrak eta bertaratutako guztiek eskerrak emon deutsee pintoreari bere eskuzabaltasunagaitik eta herriagaz dauen konpromisoagaitik.

Endika Etxebarria Telleria Gizarte Ongizaterako zinegotziak aurkeztu dau Jose Manuel Gabantxo: 79 urte ditu eta umetatik dauka pintetako zaletasuna. Gaztetatik bajurako flotan arrantzale ibili zan eta gero, armadorea eta arrantzaleen kofradiako burua be izan zan arren, sekula ez dau bere zaletasuna baztertu.

Bermeotarraren lanak leku askotan ikusi daitekez, bere pinturen dohaintza asko egin baititu bizitzan zehar. Gaztelugatxeko San Juaneko baseleizan, Arrantzaleen Museoan, San Pedo Arrantzaleen Kofradian eta hor zehar dagoz haren lanak: Bermeoko ohiturak eta lanak islatzen dituen koadro kostunbristak egiten ditu. Herriaren itsas historia gainbegiratzen dau, portuaren antxinako zehetasunakaz eta Bermeok itsasoagaz dauen loturea erakutsiz. Horren adierazgarri da udal egoitzeari dohaintzan emondako pinturea, adierazo dau Etxebarriak. Gizarte Ongizaterako zinegotziak dohaintza honen garrantzia azpimarratu dau, bizilekuaren ingurunea aberasteaz gan, herriaren arrantza eta kultura nortasuna indartzen baititu.

Jose Manuel Gabantxok ondokoa adierazo dau: 1985ean egindako koadroa dala Bermioko enbarkazinuek. 1,85 x 0,90 zentimetroko taula gaineko olioa da udal ondarearen barruan geratuko dana; bertan 34 itsasontzi ikusi daitekez, izan be, itsasontziak pintetan aditua da bermeotarra: itsasontziak dituen 444 koadro zenbatuta ditut buruan, nik neuk egindakoak eta asko dohaintzan emondakoak, zehaztu dau. Udal zaharren egoitzeak jasotako obrea 40 urtez egon da Gabantxoren etxeko horma batean eskegita; dinoanez, erlikia bat da niretzako, senitartekoek faltea igarriko dabe etxeko horman baina leku hori beteteko beste lan bat egin dot dagoeneko.

Aristearentzat ohorea da bere artea herriko jenteagaz konpartidu ahal izatea, batez be, urteetan zehar Bermeoko historiaren eta kulturearen lekuko izan diranakaz.

Gizarte Ongizaterako saileko zuzendari Jose Ramon Alberdik be eskerrak emon deutsoz pintoreari: erregalu honek udal zaharren egoitzako ingurua edertzeaz gan, egoiliarrei inspirazinoa eta itsasoko gomutak ekarriko deutee, Bermeoren historian errotuta dagoan elementua baita.

Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk eta Gabantxok Bermioko enbarkaziñuek obrea udal ondasunen barruan geratzen dala baieztatzeko dokumentua sinatu dabe gaur: keinu honegaz, Jose Manuel Gabantxok bere herriari eta herritarrei konpromisoa berresten deutse, herriaren buruan iraungo dauen arrasto artistikoa itxita. Eskerrik asko Jose Manuel zure dohaintzagaitik, adierazo dau alkateak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu