Euskalduna Bilbaok 8,6 miloe gehiago jaso ditu 2024an

Bizkaie! 2025-03-06 09:55   Kulturea

400 mila bisitari baino gehiago jasoz.

Euskalduna Bilbaok 8,6 miloe eurotik gorako diru-sarreraregaz zarratu dau 2024a. 25. urteurrena ospatu dauen urtean, Batzar eta Musika Jauregiak mugarri hori erregistrau dau historian lehen aldiz. Ganera, beste atal garrantzitsu batean be emoitza onenak lortu ditu: nazinoarteko kongresuen kopuruan hain zuzen be. Eragin ekonomikoari egindako ekarpena be nabarmena izan da, 108 miloe eurotik gorakoa da-eta (108.476.326,60), 11,392 miloeko zerga-bilketegaz eta 1.524 lanpostu jasangarri eustiz. Datu horreek bertoko, estaduko eta nazinoarteko MICE negozioa egoera onean dagoala berresten dabe, Euskalduna Bilbaok sektore horretan dauen lidergoa sendotzeaz gain.
 
2024an, Euskalduna Bilbaok 400 mila bisitari baino gehiago jaso ditu, 2023an baino % 11 gehiago. Egindako ekitaldien kopuruak be gora egin dau 719ra heldu arte, %90eko okupazinoagaz. Horreek dira, besteak beste, diru-sarreren atalean 2023ko erregistro historikoa %8an gainditzea eroan daben faktoreetako batzuk. Ganera, urrian, zemendian eta gabonilean miloe bat euroko muga gainditu zan diru-sarreretan, alkarren segidako hiru hilabetetan pasetan dan lehen aldia.
 
2024, Meetings and Events fakturazino errekorra

Meetings and Events jarduerak 4.135.118 euroko sarrera errekorra izan dau, orain arte lortutako erregistro onena. M&E sektorean hartutako 364 ekitaldietaitik 26 nazinoartekoak izan dira. 2023 urtea alderatuz, fakturazio maila % 34 igon da.
 
Euskalduna Bilbaok anfitrioi bezela dauen malgutasuna agerian itxi dau, horreetako sei kongresu mila persona baino gehiagokoak izanik.

Kultur jarduera

Kultura ekitaldiak be nabarmendu egin dira 2023koekaz alderatuta. Guztira, 355 emonaldi izan dira, pasa dan urtean baino zazpi gehiago. Horreek fakturazino danaren %33 suponiduten dau, ia hiru miloe euroko diru-sarrerea.
 
Euskalduna Bilbaok produkzino propioaren alde egiten jarraitzen dau eta 2024an hainbat muetako 44 ekitaldi produzidu ditu. Nabarmentzekoak izan dira Aste Nagusian eta Gabonetan egindako umeei zuzendutako euskerazko jarduerak; organo-kontzertuen zikloa; Euskalduna Klub; arratsaldepasarako gune edegia; eta, bisita gidatu antzeztuak.
 
Halanda be, 2024ko produkzino propioko ekitaldi nabarmenena Euskalduna Bilbaoren 25. urteurrena ospatzeko Bake Soinuak galea izan zan. Ikuskizun horretan Bilbao Orkestra Sinfonikoak, Bilboko Koral Alkarteak, Asier Etxeandiak, Izarok eta Hortzmuga antzerki konpainiak parte hartu eben, Iker Sanchezen zuzendaritzapean. Galearen helburua Batzar eta Musika Jauregiaren zidarrezko-ezteguak ospatzea izan zan, baina aldi berean, nazinoarteko egoeraz jabetuta, bakearen aldeko mezua zabalduz.

Euskalduna Bilbaoren balioak

Euskalduna Bilbaok kultura herritar guztiei hurreratzearen alde egin dau. Halanda ze, dobako sarrera-paketeak emon deutsee premiazko egoerean dagozen eta normalean kultur emonaldietara sartzeko aukerarik ez daben kolektiboei. Ganera, eraikinak beharrezko irisgarritasun-neurriak ditu, behar dituen personak joan ahal izan daitezan.
 
Jasangarritasunari jagokonez, emoitza onei esker, Euskalduna Bilbaok eraikinean energia aurrezten lagunduko daben neurriak ezartzen jarraitu ahal izan dau: urtean, 437.535,73 kWh aurreztea eroango dauena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu