'Beharrezkoa', Besarka talde gizpuzkoarraren lehenengo diskoa

Bizkaie! 2025-03-06 08:13   Musikea

Besarka hirukoteak Gasteiz Parral aretoan joko dau martiaren 11n.

2025eko zezeilean argitaratuko dau hiru abestiko EP bat: Beharrezkoa. Mahairik sendo eta orekatsuenetakoak ei dira hiru hanka dituenak. Hirukotearen etenbako anaitasuna eta besarkadea da taldearen oinarria. Besarka, beraz, berba-jokoa baino gehiago da, hirukoaren espiritua sendoa. Patxuko Nice desagertu ondoren, ha osotu eben hiru musikarik ekin eutsen musika ibilbide barriari, Besarkari, hain zuzen be. Sergio Ordoñez Patxuko (perkusinoa eta abeslaria -Joxe Ripiau, The Solanos, Esne Beltza, Patxuko Nice-), Alex Terrones Terri (bajistea -Luz de Putas, Patxuko Nice-) eta Ibai Larralde (gitarristea -Luz de Putas, Patxuko Nice, Marmoka-).

Besarka talde ekleptikoa da, rock ataleko hainbat adarri lotuko da zugatza. Adarrik bako zugatzik ez dau bizitzarik, eta Besarka taldeak sustrai osasuntsuak izateaz gan, enbor indartsua dau. Rock-pop sotila, reggae duin eta lasaia, cumbia jantzagarri eta alaia, ska jostaria…

Gehienbat euskeraz kantetan dabe baina baditue gaztelaniazko kantuak be. Besarkaren kontzertuetan be kantuetan daben nortasun beragaz egingo dogu topez, hau da, besarkadak diran modukoak, batzuetan irmoak eta gogotsuak; besteetan, ostera, sentiberatasuna eta leuntasuna sentiduko doguz. Alde bi horreek ditu bere lepoan Besarka taldeak. Lepoan hartu eta besarkatu.

Besarka taldearen lehenengo EP bereziak hiru kantu ditu eta Beharrezkoa dau izenburua. Diskoa 2024an grabautakoa da Aieka estudioan eta teknikari lanetan Ander Jimenez eta Pello Gorrotxategi (tekladuak, ahotsak eta nahasketak be bai) egon dira. Masterizazinoa Estanis Elorzak egin dau.

EP bereziak estilo ezbardinetan dau oinarri. Power-pop eta rocka lehenengo kantuak, reggaea bigarrenak eta ska zantzuak  hirugarrenak. Besarka taldeak Patxuko Niceren jarraipen logikoena da. Power-pop itxurako Ez ihes egin kantuak badau Doctor Deseo taldearen soinuagaz zeozelako antzekotasuna. Me estás perdiendo kantua ska lasaiaren lurraldean kokatuko dogu country txipriztinakaz, haize atalik barik. Oihuak kantua Hondarribiko Beti Mugan taldearen bersinoa da eta Martxel Mariskalen letrak ditu, dana dala, Besarka taldearen moldaketea sano ezbardina da. Badau hasiera lisergikoa, Pink Floyden moldekoa, baina sarrerearen ondoren rock-popeko ikuspegia da nagusi reggae zertzeladakaz. Hiru kantu eta hiru zutabe, hori baita Besarka talderan jarrera musikala, rockak, popak, reggaeak eta skak daben lotura siderala.

Kontzertuak

  • Martiak 11, Gasteiz (Parral).
  • Martiak 13, Bilbo (Bira Kulturgunean).
  • Martiak 28, Tolosan (Bonberenea).
  • Apirilak 17-20, Suiza Tour: 17an (behin-behinekoa) +  18 Bremgarten (Kuzeb) + 19 (behin-behinekoa) +  20 Langnau.
  • Maiatzak 2, Villabona (Iratzar).
  • Maiatzak 17, Ordizia (Kirkil).
  • Maiatzak 23, Iruña (Garazi).
  • Ekainak 7, Aguilar de Campo (Ultramar).
  • Ekainak 14, Ibarra (Plazan).
  • Ekainean, Lasarteko San Pedro jaietan (Andatza).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu