Euskal artea babestu dau Eusko Jaurlaritzeak nazinoarteko Arte Garaikidearen azokan, ARCO Madrilen

Bizkaie! 2025-03-06 07:46   Kulturea

Ez dago kulturarik sortzaile barik, baina ez dago kulturarik talentu hori erakusteko eta eskaintzeko leku barik.



44. Madrilgo ARCO Arte Garaikidearen Nazinoarteko Azokan euskal artearen hainbat ordezkari izan dira, 36 herrialdetako 214 galeriak (71 nazinokoak eta 143 nazinoartekoak) parte hartzen dagoz galerista, bildumagile, artista eta komisarioentzako topagune garrantzitsu honetan.

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordea izan da azokea edegiteko ekitaldian, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariagaz eta Imanol Otaegi Etxepare Euskal Institutuko zuzendariagaz batera, eta azokan parte hartzen dagozan euskal galeri bi bisitau ditue: hitzordura ohituta dagoan Bilboko Carrera Múgica galeria, Programa Orokorrean; eta azoka honetan lehenengo aldiz parte hartzen dagoan Donostiako Villa Magdalena – CY Shnabel, Opening – Galeria barriak programan.

Era berean, euren lanak ARCO Madrilen, beste galeria batzuetan, erakusten dituen hogei bat artista euskaldunen lanak be bisitau ditue: Sahatsa Jauregi (The Ryder galeria); June Crespo (Ehrhardt Flórez galeria); Nora Aurrekoetxea (Juan Silió galeria); Ines Medina (José de la Mano galeria); Mari Puri Herrero (Alvaro Alcázar galeria); Juan Luis Moraza, Manu Muniategiandikoetxea eta Bene Bergado (Espacio Mínimo galeria); Esther Ferrer eta Itziar Barrio (Angels galeria); Asier Mendizabal (Projects D galeria); Esther Ferrer (1 Mira galeria); Ibon Aranberri eta Francisco Ruiz Infante (Elba Benitez galeria); Josu Bilbao eta Itziar Okariz (Et Hall galeria); Elena Aizkoa (Rosa Santos galeria); Karlos Martinez Bordoy (Formato Cómodo galeria); eta Nahia del Castillo (Stand Prado Museoa).

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordeak nabarmendu dau euskal artista, galerista eta bildumagileen zeregina sekulakoa dala Euskadiko artearen sisteman: Ez dago kulturarik sortzaile barik baina ez dago kulturarik talentu hori erakusteko eta eskaintzeko leku barik. Galeria, bildumagile eta artistek gure herriko kulturearen balio-katean beteten daben eginkizuna autortu behar dogu. Gure lana da sortzaileei beren talentua garatzeko tresnak emotea, baita euskal galeriak bultzatzea eta babestea be sormen horri lekua emoteko eta euskal artea gizartean ezagutzera emoteko be. Era berean, gure kultura-sarea indartzen eta abangoardiako egiturak sustatzen jarraitu behar dogu, euskal artearen sektoreak garatzen eta mundura zabaltzen jarraitu daian, modu horretan gure herriaren kultura-nortasuna, ondare-balio unibersala, ezagutzera emoteko be.

Bengoetxeak, era berean, euskal arteak Madrilgo ARCO nazinoarteko azokan dauen presentzia esanguratsua be nabarmendu dau: Azoka hori erakusleiho aparta eta mundura zabaltzeko aukera ezin hobea da euskal artistentzat eta galerietarako. ARCOn parte hartzea euskal kultura-industriaren kalidadea eta gure herrialdeko sormen-talentua autortzea da. Eskerrak eman nahi deutseet urtez urte Madrilgo ARCOra beren talentua eta gaitasun artistikoa ez eze, gure herrialde-nortasuna be erakusteko asmoz heltzen diran artista, bildumagile eta galerista guztiei.

Bestalde, lehendakariordeak nabarmendu dau Etxepare Euskal Institutuak beteten dauen zeregina munduan euskal kulturea transmitiduten: Etxepare oinarrizko tresnea da munduan gu ezagutarazoteko. Hizkuntzea, sormena eta nortasuna garena transmitiduten daben eta Euskadi mapa globalean kokatzen daben elementuak dira. Horregaitik, Etxepare Institutuak Euskadiko sortzaile, eragile eta erakundeen arteko lankidetzeari emoten deutseen bultzadea eta babesa oinarrizkoak dira Euskadi Globala estrategiarako.

Euskal artearen erakusketak Madrilen

ARCOren programazinoaz gan, Madrilgo beste erakusketa-zentro batzuetan be izango da euskal arteaz gozetako aukerea, izan be, Lehen lehendakariordeak bisitau ditu Bilbon finkatutako June Crespo nafarraren Solar lana Ehrhardt Florez galerian (martiaren 6tik apirilaren 4ra); Gema Intxausti gernikarraren The Illicit Meeting lana, Bilboko La Taller erakusketa-espazioagaz alkarlanean, Nadie Nunca Nada No galerian (martiaren 5ean eta 6an, aldez aurreko hitzorduagaz); eta Nora Aurrekoetxea bilbotarraren lana Juan Silio galerian, Misty Floors Wet Skies (zezeilaren 1etik martiaren 29ra).

ARCO Madril 2025

Amazonas da azokako proiektu nagusia. Holan, Madrilgo ARCO azokan Denilson Baniwak eta María Willsek komisariautako programe izango da, Institute for Postnatural Studiesegaz lankidetzan. Wametisé: amazofuturismorako ideak programeak giza gorputzen, landareen, fisikoen eta metafisikoen, arteko existentzia hibridoak irudikatzen dituen sorkuntza-modu barriei buruz hausnartuko dau.

Azokako lehenengo egun biak profesionalentzat izango dira eta barikutik, martiaren 7tik, aurrera, edozeinentzako egongo da zabalik martiaren 9ra arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu