Pabellon 6 saritu dabe ADE sarien 38. edizinoan
2025-03-05 07:49 KultureaBilboko aretoak Adolfo Marsillach saria irabazi dau.

Pabellon 6k Adolfo Marsillach saria jaso dau antzerkintzan egindako lan esanguratsuagaitik, 14 urte honeetan sorkuntza, erakustaldi eta topaketa askoren gune izan dalako, Bizkaiko antzerki-sarea birsortzen lagundu dauelako eta lurraldeko arte eszenikoen profesionalen belaunaldi barrientzat harrobi bihurtu dalako.
Saria, INAEMeko zuzendaria dan Paz Santa Ceciliak emon eban, Espainiako Eszena Zuzendarien Alkartearen (ADE) Sarien 38. galan, Madrilgo Komedia Antzokian. Ramón Bareak jaso eban saria eta berbaldian bere ohiko esaldi ezagunak nabarmendu ziran: Pabellón 6 no existe se está inventando el público eta seguimos, seguimos. Amaitzeko, Irene Bauri eskainitako berba politak be egon ziran, urte honeetan zehar proiektua bultzatzeagaitik eta babesteagaitik.
Adolfo Marsillach saria beste edizino batzuetan jaso dituenen artean dagoz: Fernando Gomez Grande, Teatro Guirigai, La Machina Teatro, Teatro Alternatiboen Sarea, Atalaya Teatro, Ribadaviako Antzerki Erakustaldia, Teatro do Noroeste, José Maria Labra, Etelvino Vázquez, Jose Sanchis Sinisterra, Zaragozako La Estacion Antzokia, Cuarta Pared Aretoa, Union de Actores, Compañia Teatro Corsario, Julia Gutiérrez Caba, Fernando Fernán Gomez, Almagroko Antzerki Klasikoko Jaialdia, Ángel Fernandez Montesinos, Emilio Burgos, Francisco Nieva, Madrilgo RESAD, Nuria Espert, Adolfo Marsillach, Primer Acto Aldizkaria, Juan Margallo, Institut del Teatrat de Barcelona...
Azken buruan, 14 urte haoneetan zehar, Pabellon 6 eta Gazte Konpainiak 50 produkzino sortu ditu, horreetatik 34 Pabellon 6ko Antzerki Laborategiaren produkzinoak izan dira (propioak 24 eta koprodukzinoan eginikoak 10) eta ganerako 16 lanak Gazte Konpainiaren produkzinoak izan dira. Horrezaz gan, Antzerki Arineko Jardunaldien 12 edizinoetan 179 pieza antzeztu dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!