Miren Arzallus: 'ohore handia da niretzat'
2025-03-04 13:33 KultureaApirilaren 1ean hartuko dau Guggenheim Bilbao Museoko zuzendari kargua.

Miren Arzalluz Guggenheim Bilbao Museoan izan da, Juan Ignacio Vidartegaz batera; Vidarte museoko egungo zuzendari nagusia da eta lau astez ibiliko da Arzalluzegaz lanean, kargua hartu aurreko prozesuan laguntzen, izan be, apirilaren 1ean, artearen historialariak, Vidarte ordezkatuko dau.
Vidartek adierazo dauanez: pozik gagoz Miren Arzallusek Guggenheimera etorteko aukerea izan dauelako.
Bestalde, Miren Arzallusek ondokoa esan dau: ohore handia da niretzat kargua hartzea eta etapa barri hau hasteko gogoz nago. Asko eskertzen deutset Juan Ignacio Vidarteri eta taldeari sartze-prozesua holan atondu izana.
Miren Arzalluz Loroño (Bilbo, 1978)
Palais Galliera-Parisko Modearen Museoko zuzendaria da gaur egun eta kulturearen arloan nazinoarteko ospea daben erakundeetan erantzukizun handiko lanetan egindako ibilbidearen ostean dator Guggenheimera. Artearen historiaren, ikerketearen eta museoen arloetan ezagutza sakona dakar eta, horrezaz gan, eskarmentu handikoa da erakundeen kudeaketan eta nazinoarteko hartu-emonetan.
Deustuko Unibersidadeko doktoregoa dau Historian. Artearen Historiako Masterra egin eban The Courtauld Institute of Arten eta Politika Konparatuan Masterra London School of Economicsen. Azken sei urteotan Palais Gallieraren zuzendaria izan da eta erakunde hori barritzeko eta handitzeko proiektu handigura baten ardurea izan dau, museoaren birdefinizino sakon eta barritzaile baten bidez erakunde hori fase barri baterantz eroatea lortuz. Paris Musées eta Parisko Uriko erakundeakaz lankidetzan, Miren Arzalluzek diziplinarteko ikuspegi barria sustatu dau, Palais Gallieraren eta nazinoarteko beste arte eta diseinu museo batzuen arteko alkarrizketak eta kolaborazinoak ezarriz eta publikoaren nahiz kritikearen aldetik onarpen handia izan daben erakusketak sortuz.
Miren Arzalluzek nazinoartean lortutako autortzearen arrazoi dira, besteak beste, 2024an Frantziako Kultura Ministerioak Chevalière de l'Ordre des Arts et des Lettres izentetea eta oraintsu AEBetako diseinu-sari nazionaletan epaimahai izatea, New Yorkeko Smithsonianeko Cooper Hewitt Diseinu Museoak emoten dituan National Design Awards 2025eko sarietarako.
Miren Arzalluzek gaur egungo euskal kultureagaz lotura estuak be baditu: Bilboko Arte Ederren Museoko Aholku Batzorde Artistikoaren kidea da eta Parisera joan aurretik Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izan zan. Erakunde hori Eusko Jaurlaritzaren menpekoa da eta nazinoartean euskal kultura eta sorkuntza garaikidearen ikusgarritasuna bultzatzeko lan egiten dau. Arte-aditu independente lanetan izandako esperientziari esker, erakusketetan komisario izan da munduko hainbat herrialdetan eta bost urtez Balenciaga Fundazinoko eta Museoko komisario-buru izan zan, erakusketen eta Bildumearen arduradun.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!