Carmen Mijangos, Mujeres con Voz elkartea eta eCivisen musika proiektua saritu ditue

Bizkaie! 2025-03-04 07:45   Kulturea

Bardintasunaren aldeko 2025eko Zirgari sarietan nabarmendu dira.



BFAk eta BBKk emoten dituan Zirgari Sarien bidez emakumeen eta gizonen bardintasunaren alde lan egiten daben persona, erakunde eta proiektuak autortzen dira. Aurtengo sarituak dira Carmen Mijangos zientzialariari (ohorezkoa), Mujeres con Voz alkartea eta Musika eta zure begirada proiektuari (eCivis alkartearena). Sariak banatzeko ekitaldia, bostehun bat persona hartuko dituana, martiaren 7an izango da, 18:00etan, Bilboko BBK Aretoan, Emakumeen Nazinoarteko Egunaren bezperan.

Teresa Laespada diputadu nagusiorde eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko foru-diputaduak eta Nora Sarasola BBKko Gizarte Ekintzako zuzendariak emon dabe Zirgari sarien hamargarren edizinoaren barri, Zirgarien eskultura-multzoaren ondoan emondako prentsaurrekoan.

Laespada diputaduak adierazo deuenez, benetako bardintasun lortzeko asko falta da eta atzera egiten gagoz lortutako aurrerapen askotan. 2018ko bardintasun-olatuaren ondoren, okerrera egiten gagoz. Indarkeria matxisteak, soldata diskriminazinoak, sexu-esplotazinoak, salerosketeak, jagoletzen banaketeak, emakumeek espazio publikoetan eta botere-eremuetan daben presentzia eskasak eta beste errealidade nabarmen batzuek erakusten dabe bardintasunaren aldeko jarrerea indartu behar dogu. Horrezaz gan, Bizkaiko gizarte osoari dei egin deutso: bardintasunaren, eskubideen eta askatasunen aldeko jarrereari eusteko. Agenda feministea landu behar dogu, arrakalak eta ezbardintasunak hausteko. Erakundeok politika feministea egin behar dogu.

Bestalde, BBKko Gizarte Ekintzako zuzendari Nora Sarasolak adierazo dauenez, BBKk badaki etorkizuna ezin dala izan bardintasunik barik. Bardintasuneko etorkizun inklusibo eta jasangarri baterantz jo nahi badogu, personak erdigunean jarri behar ditugu. Bardintasuna, lan onaren eta Bizkaia lurralde kohesionadu bihurtuko daben helburuak lortzeko lan egiten dauen lurraldearen nortasun-ikur legez.

Hamar edizinoren ondoren, ekitaldia bera zein sariak erreferente dira Bizkaian, gizartearen aldaketea sustatzen dabenen autortzeari jagokonez. Bostehun persona inguru bertaratzea espero da eta ekitaldi parebako batez gozetako aukerea izango dabe, izan be, sarituei omenaldia egiteaz gan, erakundeek bardintasunaren aurrean daben konpromisoa berretsiko da. Izena emoteko aukerea egon bada be, edukierea beteta dago.

- Ohorezko saria: Carmen Mijangos.

Aurten, Ohorezko Zirgari Saria Carmen Mijangosek jasoko dau. Biologia molekularraren aurrendari, komunitate zientifikoan bikain dabil, bai tokiko mailan, bai nazinoartekoan be. Mijangosek ikerketeari eskaini deutso bere lan-ibilbidea, baina harek itxitakio ondareak zientziaren eremua gainditzen dau. Arlo akademikoan genero bardintasunagaz dauen konpromisoak eta emakume zientzialarien belaunaldi barriei ateak edegiteko egin dauen lanak erreferente bihurtu dabe bere arloan. Espiritu menperaezinagaz eta ikuspegi argiagaz, Carmenek erakutsi dau aurrerapen zientifikoa ezin dala bereizi gizarte bidezkoago baten aldeko burrukatik. Haren lan-ibilbideak Bizkaiagaz eta bere jenteagaz dauen konpromisoa islatzen dau, gure lurraldeko balioak munduko beste txoko batzuetara eroan baititu eta ezagutzearen bidez aurrerapena sustatu baitau.

- Bardintasunaren aldeko Proiektuaren Saria: Musika eta Zure Begirada (MZB).

Bardintasunaren aldeko Proiektuaren Saria Musika eta Zure Begirada (MZB) ekimenak jaso dau. Kultura eta hezkuntzearen arloko ekimen horrek musikea, ikus-entzunezkoak eta sare sozialak erabilten ditu genero bardintasunari eta estereotipoei buruz sensibilizetak eta eragina sortzeko. MZBk nerabeakaz lan egiten dau, gizartearen mezuak bereganatzeko gaitasun handiena dauen kolektiboagaz, hain zuzen be; ikuspegi barritzaile eta parte-hartzailea proponiduten dau, hausnartu eta ekiteko konbita eginez. 2019an sortu zanetik, MZBk milaka gazterengan eragina izatea lortu dau eta tresnak emoten deutseee genero-arau tradizionalak dudan jarteko eta indarkeriarik eta ezbardintasunik bako etorkizunerako bidean gazteak ahalduntzeko.

- Bardintasunaren aldeko Erakundearen Saria: Mujeres con Voz (McV).

Mujeres con Voz (McV) alkarteak Bardintasunaren aldeko Erakundearen Saria jaso dau, emakume migratuen eskubideak defendiduteagaitik. Alkartea 2011n sortu zan Getxon eta alkarri laguntzeko espazio segurua da, emakumeek esperientziak konpartidu eta errealidadea aldatzeko hausnartzen eta ahalduntzen dira. Alkarteak emakume horreen egiturazko ezbardintasuna ikusarazoteko lan egiten dau, izan be, emakume horretako asko lan feminizadu eta ezegonkorretan dabiz eta, berazm, bizitza sozial eta komunitarioan modu aktiboan parte hartu deien sustatzea dau helburu, betiere feminista, arrazismoaren kontrakoa eta ekologistea dan ikuspegia ardatz hartuta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu