Martiaren 8ko kanpainan emakumeen ahotsa eta presentzia aldarrikatuko ditu Bilbok
2025-03-03 13:43 KultureaGuztion Ahotsa. Para nombrar, ser, estar goibururi eutsiz, emakumeei balioa emoteko.

Uriko alkarteetako emakumeak dira irudi nagusiaren protagonista, Udalak gizarteagaz dauen konpromisoa, ahalduntze indibidual eta kolektiboa bultzatzeko orduan.
Kontuak kontu, Bilboko Udalak, Emakumeen Nazinoarteko Eguna dala-eta (martiak 8), kanpaina instituzionala aurkeztu dau, aurten, emakumeek gizartean dabenn ahotsa eta presentzia aldarrikatzeko. Era berean, uriko emakume-alkarteen lana eta ahalduntze indibidual eta kolektiboan daben parte-hartze soziala ikusarazo eta autortu nahi da.
Guztion Ahotsa. Para nombrar, ser, estar goiburupean, beren esperientzia, jakintza eta errealidadeetatik zeinek bere espazioan bardintasunean aurrera egiten laguntzen daben emakumeen balioa nabarmendu gura dau Udalak. Era berean, arretea jarten dau zenbait emakumek entzunak eta ikusgai izateko eta beren gizarte-errealidadean eragiteko dituen zailtasunetan. Horregaitik, datorren martiaren 8an, oinarrizkoa da gogoratzea Bilboko emakume guztiek ahotsa dabela eta horrek aukerea emoten deutsela beren biziteari buruz modu seguru eta independentean erabagiteko eta eskubide eta aukera-bardintasunaren alde burrukatzen jarraitzeko.
Gaurtik aurrera, kanpaina hau zabaltzen hasi da, hainbat edade, jatorri, kondizino edo egoeratako bilbotarrak batzen dituan irudi baten bidez, danak be emakumeen eta gizonen bardintasunagaz konprometiduak. Kartela uriko emakume-alkarteetako 20 kideren erretratua da. Alkarte-mobientuari eta parte-hartze sozialari balioa emoten deutse, oinarrizkoak baitira ahalduntze indibidual eta kolektiborako.
Irudi horretarako Bilboko hainbat alkartetako emakumeek parte hartu dabe uriaren aniztasuna erakutsiz: Margotu, Mujeres Migradas y Emprendedoras, Mulisol, Fekoor, Bagabiltza, Susterra Elkartea, Sare Lilak Emakume Elkartea, Mujer Siglo XXI, Eragin eta Marián Andrés Acha, Fundación Zerbikas fundazinoaren kolaboratzailea.
Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Bardintasuneko eta Jaietako zinegotziak nabarmendu dauenez, oraindino emakumeen ahotsa isilarazo nahi dauen mundu honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da gure ahotsak indarrez altzetan jarraitzea, izan be, eraldaketarako tresna izaten jarraitzen dau. Emakumeen arteko batasuna geldiezina da, gure indarra ahiztatasunean eta alkarlanean oinarritzen dalako eta ondo dakigulako ahaldundutako emakume batek beste batzuk ahalduntzen dituala, ahalduntze indibiduala eta soziala udalaren estrategia eta helburua da eta hainbat lan- arlo eta programa dagoz emakumeek beren aniztasunean daben posizio soziala indartzeko.
Kartel nagusian QR kode bat be badago, Mihi Morea izenburupean, herritarrei konbita egiten deutsena egun honetarako ondutako Mihi Morea/Lengua Morada abestia entzun deien. Amaia Santamaríak eta Loida Martínezek sortu eta egokitu dabe konposizino hori, Ajala Naciaren eta La Hija del Nopalen kolaborazinoagaz, Leire Bilbao Barroetabeña poeteak idatzitako izen bereko olerkian oinarrituta. Bertso hareek igaz aurkeztu ziran, martiaren 8a zala-eta. Entzun abestia hemen.
Bilboko Udalak, Emakumeen Nazinoarteko Egunaren barruan, bardintasunaren aldeko jarrera aktiboa izateko animau ditu herritarrak; helburu horregaz, kanpaina barri hau hainbat euskarri fisikotan zabalduko da udal-egoitzetako pantaila digitaletan eta www.bilbao.eus webgunean, bai eta Udalak sare sozialetan dituan kontuetan be: Bilbao Berdintasuna, Facebook, X eta Instagram - eta Bilbao udala - Facebook, X eta Instagram -.
Emakumeen Nazioarteko Egunerako Adierazpena
Martiaren 6an Emakumeen Nazioarteko Egunerako Adierazpena irakurriko dabe udaletxean, 10:30ean. Juan Mari Aburto alkatea izango da ekitaldi instituzionaleko buru eta berarekin izango dira Itziar Urtasun Bardintasuneko eta Jaietako zinegotzia, Udalbatzako zenbait kide, udal sailetan bardintasuna bultzatzen daben profesionalak eta uriko emakumeen alkarteetako ordezkariak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!