Juan Carlos Eguillorren 'Laberinto' erakusketea, ikusgai

Bizkaie! 2025-03-03 11:07   Kulturea

Rekalde Aretoan, irailaren 28ra arte.

Bizkaiko Foru Aldundiak Rekalde Aretoan Laberinto erakusketea edegi dau. Juan Carlos Eguillor artista bilbotarraren lanen erakusketarik osoenetako bat da. Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kiroleko foru-diputaduak erakusketea aurkeztu dau, Garikoitz Fraga Angoitia komisarioagaz batera.

Diputaduak adierazo dauenez, -Laberinto- erakusketak autortzea egiten deutso Juan Carlos Eguillor euskal artisteari, haren lana funtsezkoa izan baita arte garaikidearen garapenean. Erakusketeak ia mila pieza batzen ditu, haren obreari buruzko ikerketa lan sakona egiten dan lehen aldia da eta ibilbidearen ikuspegi osoa eskaintzeko aukerea emoten deusku. Garikoitz Fragak egindako ikerketa lan ikaragarriari esker egin ahal izan da. Rekalde Aretoan lehenago erakutsi ez diran piezak ikusi daitekez. -Laberinto- aukera parebakoa da Juan Carlos Eguilloren lana ezagutzen ez ebenek orain haren upealako talentua deskubriduteko.

Editore eta Eguillorren obran aditu dan Garikoitz Fragak, barriz, ondokoa nabarmendu dau: garrantzitsua da galdutako piezak berreskuratzea eta artisteak haren ibilbidean zehar itxi zituan marrazki eta koadernoak arakatzea.



Erakusketea irailaren 28ra arte egongo da edegita publikoarentzat. Proposamen horregaz, Rekalde Aretoak hasierea emongo deutso erakusketa-programazino barriari, instalazinoak nabarmen barritu eta Iparragirre kaleko 21ean beste sarrera bat edegi ondoren.

Laberinto erakusketeak Juan Carlos Eguillorren (1947-2011) ia mila lanen bildumea batzen dau. Diziplina ugari landu zituan ibilbidean zehar sortzaile polifazetiko horrek (komikia zein bideo-artea). Erakusketan ikusgai dagoz marrazkiak, komikiak, kartelak, argitalpenak, artikuluak eta bideoak, artistearen produkzinoaren panorama parebakoa eskainiz. Eguillor ironia eta estilo ikonoklasteagaitik nabarmendu zan eta ezaguna da, besteak beste, Mari Aguirre, Miss Martiartu edo Abuelita izeneko personaiakaitik. Horreen errepresentazinoa pieza ospetsuenetan eta ezagunenetan ikusi daitekez. Halanda be, lanaren alderdirik ezezagunena eta pribatuena be erakusten da, haren obsesino personalak eta munduari buruz eban ikuspegia islatzen dituen piezekaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu