Bilboko Udal Musika Bandea eta umeentzako tailerrak protagonista Aratusteetan

Bizkaie! 2025-03-03 10:26   Kulturea

Kontzertuan Iñaki Maruri eta Mitxel Santamarinak parte hartuko dabe.

Musikearen bidez ikusleek munduari bueltea emoteko aukerea izango dabe Plaza Barrian, 12:30etik aurrera.

Txikienek topagune berezia izango dabe Plaza Barriko tailerretan arratsaldeko 16:30etik 19:30era.

Astelehenean Aratusteetako jai-giroak jarraituko dau Bilbon, izan be, Udalak familiak izan ditu gogoan jai egun honen programazinoa diseinetako, goizean eta arratsaldean izango baitira jarduera garrantsitsuenak.

Eguna hasteko, 12:30etik aurrera Udal Musika Bandeak kontzertu bat eskainiko dau Iñaki Maruri eta Mitxel Santamarigaz, Iñaki Urkizuren zuzendaritzapean. Ikuskizun honegaz ikusleek munduko hainbat herrialde bisitau ahal izango ditue musikearen bidez. Umorez, jantzaz eta abesti ezagunez betetako kontzertua izango da eta, besteak beste, El Cumbachero, Maite Zaitut, Shin Chan, Ikusi Mendizaleak, De Atxuri al Arenal, Furra Furra edo ABBAren abestiak entzun ahal izango dira.

Arratsaldean, 16:30etatik 19:30era, etxeko txikienek Inauterifest espazioaz gozau ahal izango dabe, Plaza Barria sormenez eta dibersinoz beteko dauen ekimena. Hemen makillaje eta ule-apainketa tailerra eta kapelak eta maskarak diseineteko tailerra egongo da.

Horrezaz gan, Farolin eta Zaranbolasen photocalla egongo da, Aratusteen edizino honetako gomuta magikoak harrapatzeko aukerea emongo dau, jaiegunetako magiaz eta kolorez betetako mozorro, makillaje eta orrazkerakaz.

Sardinea erre eta amaituko dira bihar, martitzena, Bilboko Aratusteak

Sardinaren hileta-segizioak 19:30ean ekingo deutso Plaza Barritik kandelak eta argiak eroanez. Ibilbidea 20:00etan amaituko da Arriaga Plazan. Farolin, Zaranbolas eta Jai Batzorde Mistoko ordezkariak buru dituan musikari, bertsolari, jantzari eta zirkuko artista talde batek lagunduko deutso Sardineari bere agurrean. Aratusteei agur esateko egunean, goizean, Udal Txistulari Bandeak kontzertu bat eskainiko dau Picuentos Marionetas Konpainia eta Garazi Navas akordeoilariagaz. Ikuskizunean musikea eta txotxongiloak izango dira eta, Haur jolasa, Udalaitz, Sugandila edo Itsasora mezu bat lako doinuak entzungo dira.

Ibilaldiak geldialdi bat egingo dau Santos Juanes eleizearen parean eta herritarrak jantzak hastea izango da asmoa, 20:00etan Arriaga Plazan amaitzeko. Bertan, Sardinea erretea biziko dabe hurreratzen diranek, jantza, bertso eta abestiakaz batera, besteak beste, Sardinari kantu bat, 2025eko Aratusteei amaierea emongo dutsen hitzordua, hain zuzen.

Agur handia baino lehen, goizean, bilbotarrek jantzan, kantuan eta gozetan jarraitu ahal izango dabe Udal Txistulari Bandearen kontzertuagaz, 12:30ean, Plaza Barrian. Ikuskizunean musika eta txotxongiloak izango ditu, publikoa fantasiazko eta irudimenezko mundu batera eroateko. Emanaldian zehar Haur jolasa, Udalaitz, Sugandila edo Itsasora mezu bat lako doinuak entzungo dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu