Ardao atlantikoen erakusleiho izango da Bakio, martiaren 15eko San Jose azokan

Bizkaie! 2025-02-28 13:51   Kulturea

Martiaren 14an, Txakolingunean txakolina probetako bisita berezia izango da.

Bakioko produktoreek jentaurrera atarako ditue txakolinak eta aurtengo azokeak barrikuntza esanguratsu bat ekarriko dau: ardao atlantikoen erakusleiho izango baita herria. Holan, herriko produkzinoaz gan, ardao atlantiko bezela definiduten diran beste hainbat edari egongo dira eskaintzearen barruan. Bakioko Udalak eta herriko produktoreek atontzen dabe azokea, Txakolin Museoaren, Jata-Ondo Landa Garapen Alkartearen, Bizkaiko Txakolinaren eta BBKren babesagaz.

Kokapen geografikoak, lurraren ezaugarriek eta itsasoaren gertutasunak berezitasuna emoten deutse Bakioko txakolinari. Nortasun eta freskura handiko edaria da eta baltzaren kasuan, ardao atlantikoen korrontean sailkatu dabe adituek. Errioxakoakaz eta bestelako ardao kontinentalakaz alderatuta oso ezberdinak dira atlantikoak.

Ardao atlantikorik badago, hori Bakiokoa da, itsasoaren hurbiltasunagaitik, nabarmendu dau Doniene Gorrondona upategiko Itziar Insaustik. Bakioko bailarara haizea itsasotik zuzenean sartzen da eta kresala heltzen danez, nekazaritzea baldintzatzen dau. Era berean, mahastiak ez dagoz itsasoari begira, bizkarra emonez, hegoalderantz baino. Horren bidez, mahastiak itsasoko haize zuzenetik babestu eta eguzkia jasotea ahalbidetzen da. Gainera, Bakioko mahatsak ziklo luzekoak dira, udabarriaren zikloa be luzea dalako.

Holan, nortasun hain berezikoa dan Bakioko txakolinak ezaugarri batzuk konpartiduten ditu ardao atlantikoakaz. Zabala txakolindegiko Iratxe Eguzkizagak esangura kolektiboa izatea eskertzen dau: Polita da ikustea ez zagozala bakarrik. Azkenaldian ardao atlantikoen inguruko hainbat azoka eta lehiaketa egiten dirala jaubetu gara eta familia bat dogula sentiduten dugu orain.

Gaur egun hiru upategi dagoz martxan Bakion: Zabala, Abio eta Doniene Gorrondona. Edozelan be,
aurtengo azokara Euskal Herriko beste hainbat ardao atlantiko konbidau ditue eta Zubiaurren instalauko dan karpan postu berezi batean egongo dira guztiak: Tantaka (Araba), Hiruzta (Getaria), Arretxea (Irulegi), Kooperatiba (Irulegi), Magalarte (Zamudio), eta Gozamena (Lezama). 10:00etan zabalduko da azokea, eta 12:30ean egingo dira ekitaldi nagusia eta brindis herrikoia. Ardao produktoreez gan, herriko abeltzainek eta inguruko nekazari zein artisauek be ipiniko ditue postuak azokan zehar.

Txakolin Museoa

Sanjoseetako azokearen bezperan, martiaren 14an, Txakolingunean txakolina probetako bisita berezia izango da, herriko hiru upategietako txakolinak ezagutzeko aukerea eskainiko baitabe. Urtean zehar erakusketak eta ekintza dibulgatiboak lantzen ditue txakolinari eskainitako museo horretan eta bisita guztiak gidatuak izaten dira. Igaz 7.642 bisitari jaso zituztelarik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu