Janire Gonzalez Etxabarri surflaria bigarren geratu da Pro Taghazout Bayn

Bizkaie! 2025-02-27 10:37   Kirola

Anette Gonzalez Etxabarri bere ahiztea hirugarren izan da.

Janire Gonzalez Etxabarri. | Ikusi handiago | Argazki originala

Bigarren sailkatu da Janire Gonzalez Etxabarri Pro Taghazout Bay proban, Anchor Pointen (Maroko) jokatutako eta euskal parte-hartzaile ugari izan dituan QS 3000 proban.

Leticia Canales, Saioa Ortega, Nadia Erostarbe, Ariane Ochoa eta Janire eta Annette Gonzalez Etxabarri ahiztak lehiatu dira emakumezkoen taldean eta Keoni Lasa, Adur Amatriain, Kai eta Hans Odriozola anaiak, Yago Dominguez, Markel Vizcarguenaga, Ruben Vitoria, Iker Trigueros, Andy Criere eta Joan Duru Baionako surflaria gizonezkoen multzoan.

Janire Gonzalez Etxabarri 32 onenen zerrendan sartu zan uretara eta Hina-Maria Conradi frantziarra, Janina Zeitler alemaniarra eta Alys Barton britainiarra izan zituan arerio. Zumaiarrak txandako olaturik onenetan (13.83) markea egin eta hurrengo fasera Bartonegaz batera aurrera egiteko (12.00) aukerea izan eban.

Ahiztea be, Annette, hirugarren txandara pasau eta bigarren izan zan bere txandan. Nadia Erostarbek bigarren postua eskuratu eban, Nahia Milhau-ren atzetik, Ariane Ochoa eta Pauline Ado kanporatuz.

Hamasei onenen kanporaketan Janirek Erostarbe, Jessie Van Niekerk hegoafrikarra eta Lilias Tebbai marokoarra izan zituan lehiakide. Basque Teameko surflari biek irabazi zituen final-laurenak, Nadiak 11.63ko puntuazinoagaz eta Janirek 12.50ekoagaz. Annette Gonzalez Etxabarri izan zan bere serieko onena eta eguneko banakako notarik onena lortu eban, final laurenetara igaroz.

Egunotan jokatutako final-laurenak eta Annettek, junior mailako Europako txapeldunak, CTan orain dala gitxi debutau dauen Nadia Erostarbe kanporatu dau. 7.67ko olatu bategaz eta 6.17ko beste bategaz, Gonzalez Etxabarri ahizta gaztea Erostarbe baino gehiago izan da. Erostarbek 4.00eko eta 0.80ko olatu bana baino ezin izan ditu surfeau. Janirek Nahia Milhau frantziarra itxi dau txapelketatik kanpo, bere areioaren 9.80aren gainetik pasau da 13.00ko puntuazinoagaz.

Annettek eta Janirek familiako loturak alde batera itxi behar izan ditue uretan indarrak neurtzeko finalerdietan. Surflari biak txapelketa honetan nabarmendu dira eta finalaurrekoan be parez pare ibili dira. Janirek lider jarraitzen dau, Annettek bape erraz jarri ez deutson arren. 13.37ko noteagaz Janirek 11.24ko puntuazinoagaz geratu dan bere ahiztea menperatu dau.

Finalean Janire Francisca Veselkogaz lehiatu da. Portugaldarraren lehen olatua 8.17koa izan da, gehiegizkoa Zumaiakoarentzat, txandako ordu erdiari ekiteko. Ondoren, 8.67ko beste bat hartu dau, Janire oso egoera larrian itxita. Gipuzkoarrak ezin izan deutso serieari bueltea emon 0.83 eta 4.50eko olatu bi onenakaz.

Janireren bigarren postuaz eta Anetteren hirugarren postuaz gan, Nadia Erostarberen eta gizonezkoen koadroko Kai Odriozola eta Andy Criereren bosgarren postuak be nabarmendu dira txapelketan.

Kai Odriozolak laugarren kanporaketan lortu eban egun osoko bigarren puntuazinorik onena, 17,30ekoa, final-laurenetarako sailkatuz, baina Maxime Huscenoten kontra lehiatu behar izan eban, sasoi onenean dagoan surflaria, hain zuzen be. Txanda liskartsua izanagatik, azkenean frantziarrak irabazi zuen.

Andy Crierek be lan bikaina egin dau txapelketa honetan, final-zortzirenetan bigarren postua lortuz Jorgann Couzineten atzetik, nahiz eta gero final laurenetan Luke Thompson hegoafrikarraren kotra galdu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu