'Historikak' tailerra atondu dabe
2025-02-27 09:06 KultureaNuria Morán Crespo artistearen eskutik.

Bilbao Eszenak Historikas sorkuntza eszenikoko tailerra jarri dau martxan, barriro be, Nuria Morán Crespo hainbat diziplina sorkuntzean espezializautako artistearen eskutik.
Emakumeek historian izan daben protagonismoa berreskuratu eta balioetsi nahi dauen jarduerea da, izan be, emakumeen figurea autortu nahi dabe. Lan zientifikoak, artistikoak edo literarioak egin zituen emakumeak, bizi izan ziran garaian funtsezko eregina izan ebenak, baina eskola-liburuetan agertzen ez diranak.
Emakume horren zeregina barriz adierazoteko, tailerrak 5 eta 15 minutu bitarteko pieza eszeniko txikiak sortzea proponiduten dau. Ganera, ikasleek, prestakuntzean aurreikusitako jarduerak osotu ondoren, eszenak antzeztuko ditue.
Tailerrak fase bi ditu. Lehenengoan, ikerketa plastikoko hainbat tresna landuko dira parte-hartzaileak aukeratutako persona historikoaren nortasunagaz eta ibilbideagaz ohitzeko. Horreezaz gan, aukerautako emakumearen historiaren proposamenak, jarduerak eta edukiak aurkeztuko dira.
Bigarren fasean, autortza eszenikoa osotuko da, elementu dramaturgikoen, ikus-entzunezkoen eta teknika eszenikoen bidez. Beraz, ikasleek piezaren sorkuntzeari eta eszenaratzeari helduko deutse. Eszenaratzea errituala izatea da helburua.
Tailerrak hamabi saio izango ditu, bakotxa ordu bikoa: martiaren 6an, 13an, 20an eta 27an, eguenetan; apirilaren 3an eta 10ean; maiatzaren 8an, 15ean, 22an eta 29an; eta, bagilaren 5ean eta 12an. Bagilaren 20an, obrea eszenaratuko dabe. Basurtuko Udaltegian emongo da (Zankoeta kalea 1, Bilbo) 19:00retatik 21:00etara.
Gehienez hamar ikasle egongo dira eta edade nagusiko emakumeek parte-hartu leikete.
Tailerraren prezioa 75 eurokoa da, 60 euro Bilbao Eszenako, ADDEko, EABko eta Artekaleko bazkideentzat. Izena emoteko epea martiaren 4ra arte egongo da edegita, ondoko helbide eletronikora idatziz: kultura@bilbao.eus.
Nuria Morán Crespo artista eta sortzailea da eta 35 urteko ibilbidea dau arte eszenikoen sektorean. Mama Crea konpainiaren sortzailea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!