Badator 'Madriles' buruhandia
2025-02-27 08:25 KultureaGaur, Farolin eta Zaranbolasen maskara trukaketea izango da.

Geure uria omentzea atxaki, aurten, parrandazaleek Bilbo omentzeko mozorroak landu bitartean, Bilboko Konpartsak kolektiboak Madrilesen buruhandia egin dogu. Bilboko Zazpikaletan bizi eta hil zan personaia historikoa omentzeko, Aratusteetako domekan, martiaren 2an, eguerdiko 13:30ean, buruhandiaren aurkezpen ekitaldia egingo dogu Txakur kaleko iturrian.
Madriles, Kastillako uri haretatik etorri eta Bilboko Alde Zaharrean bizi zan etxebakotzat hartzen eben. Kartoiak batzen lortutako diruagaz, Barrenkaleko tabernak alaitu eta bertako bizilagunak animetan zituan sano barritsua zalako. 1983ko urioletako Zazpikaletako hildako bakarra be izan zan; Barrenkaleko taberna batean lotan egoala ito eban abuztuaren 26 haretako lokats olatuak. Ezagutu ebenek ez dabe ahaztuten. Horren adibidea da domekan Madriles omentzeko eta buruhandia aurkezteko egingo dogun ekitaldia.
Ane Zabala eta Mikel Martinez aktoreek gidatuko dabe ekitaldia, gaiteroen jarduna ahaztu barik eta, zelan ez, Bilboko zazpi buruhandiak be bertan izango dira. Era berean, Madriles buruhandia sortu dauen artistea izango da bertan: Galder Anton Martinez, ogibidez atrezzo eta eszenografialaria. Jantzigintzeari jagokonez, Nati Ortiz de Zarate eta Angélique García jostunak arduratu dira Madriles jazteaz. Lan benetan berezia izan da xarma handiko personaia historikoaren buruari gorputz bat emotea, haren jantzia berregitea, personaiaren atal esanguratsua baita.
Madriles omentzeko idea buruan geunkala, ezin izan dogu urte aproposagoa aukeratu, izan be, aurtengo Aratusteetako gaia Bilbo da. Gure uria, Bilbo omendu nahi izan dogu eta gai hori proponidutea begitandu jakun bilbotarrek euren sormenari eragin leikion memoria historikoko ariketa bat egin bitartean. Batzuek aurreratu deuskue Marijaiaz mozorrotuko dirala, Euskaldunako langilez, karolinaz, athleticzalez edota Bilboko hainbat personaia historikoz be.
Horretarako, urtero lez, Aratusteak gozetak sei eguneko programazinoa dago, lehena aurreko zapatuko Kopla txikietan ikusi genduan eta datozen egunetan, eguenean hasita, aurtengo Farolin eta Zaranbolasen -Josu Kamara aktorea eta Oihana Bartra bertsolaria- ikusiko ditugu, baita bilbotarren sormena, umore ona eta bihurrikeria be.
Egitaraua
- Aratuste Eguena, zezeilak 27: Farolin eta Zaranbolasen maskara trukaketea.
- Aratuste Barikua, zezeilak 28: Farolin eta Zaranbolasen atxiloketea eta irain publikoa.
- Aratuste Zapatua, martiak 1: Mozorro kalejirak, indibiduala eta taldekakoa.
- Aratuste Domeka, martiak 2: indaba eta torrada lehiaketak + Madriles buruhandiaren aurkezpen ekitaldia, Txakur kalean, 13:30ean.
- Aratuste Martitzena, martiak 4: Sardinaren hiletea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!