Aratusteak eta bere tranpak...
2025-02-26 09:44 KultureaJai honeetan ebitau zeinkezan 5 engainu arruntenak.

Euskal Konsumitzaileen Alkarteak inauterietan konsumitzaileentzat arriskutsuak izan daitekezan merkataritza-tranpa nagusiak azaldu ditu, izan be, aratusteak mozorro, desfile eta, batez be, ospakizunaren sinonimo dira. Nahiz eta zenbait auzo eta herritan pasa dan astegoienean ospatu, herri gehienetan jai honeek datozen egunetan biziko ditue eta gainera leku batzuetan hurrengo astegoienera artekoak izango dira.
EKA/ACUV alkartekoek ohartarazo dauenez, egutegiko beste data batzuetan bezela, aratusteak be konsumitzaileak merkataritza-tranpa batzuetan biktima izateko egun aproposak dira.
Urtero, mozorroak, ekitaldietarako sarrerak edo garraio-zerbitzuak erosteagaz lotutako arazoak izan dituen bazkideen konsultak jasoten ditugu. Gure helburua informazino erabilgarria emotea da, persona guztiek jai honeetan ezusteko barik gozau deien.
Alkarteak egun horreetan ohikoenak diran bost tranpak identifikau eta ebitetako jarraibideak emon ditu:
- Kalidate baxuko mozorroak prezio altuan: sarritan mozorroak ez dau online dendako argazkiaren antzik. Gainera, kalidate txarreko mozorroak arriskutsuak izan daitekez segurtasunerako, batez be umeentzat.
- Sarrera faltsuak edo ezeztatutako jarduerak: sarrera faltsuak birsaltzea edo itzulketarik bako jarduerak baliobakotzea emoten dauena baino ohikoagoa da, batez be jai pribatuetan eta ekitaldi jentetsuetan.
- Ostalaritzako eskaintza engainagarriak: 2x1 edo Sarrera librea gauerdira arte moduko eskaintzek iragarri bako baldintzak edo espero ez diran prezioak ekarri leikiez.
- Eskariaren araberako garraio-zerbitzuak: aratusteetan eta beste jai batzuetan, ohikoa da taxiak edo VTC zerbitzuak erabiltea, baina batzuek gehiegizko tarifak apliketako edo beharrik barik ibilbide luzeagoak egiteko aprobetxetan dabe eskari handia.
- Aldi baterako saltokietako gitxieneko gastuaren trikimailua: artikuluen denda efimeroek (aratusteetakoek nahiz egutegiko beste momentu jakin batzuetakoek) batzuetan gitxieneko gastu bat ezartzen dabe txartelagaz ordaintzeko. Hau legezkoa da, baldin eta erosketak egin aurretik agirian jarten bada. Gainera, gogoratu behar da konsumitzaile garen aldetik eskudirutan ordaintzeko eskubidea dogula, justifikautako salbuespenetan izan ezik.
EKA/ACUV alkarteak konsumitzaile lez ditugun eskubideak ezagutzearen eta arretaz jokatzearen garrantzia azpimarratu dau: aratusteak gozetako aukera zoragarria dira, baina zuhur ibiltea komenidu da. Irregulartasunen bat antzemoten badozue, emoiguzue ikusitakoaren barri.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!