Kale-antzerkiak egingo ditue Umore Azokan
2025-02-26 08:47 KultureaMaiatzaren 3an, 4an, 10ean eta 11n.

Leioako Udalak kulturearen alde egingo dau barriro be. Holan, Umore Auzoka ekimena jarriko dau martxan, arte eszenikoak Leioako auzoetara eroango dituan ekimen barria. Ganera, aurton, Leioako Kaleko Artisten Umore Azokearen 25. edizinoa egingo da, maiatzaren 15etik 18ra.
Umore Auzokak kaleko antzerkiaren magia udalerriko txoko guztietara hurreratzea dau helburu. Ikuskizunak doban eskainiko ditu, publiko guztiarentzat, aire zabaleko plaza eta espazioetan. Leioa Gurea 2023-2027 Agintaldi Planagaz bat datorren erronkea da, udalerri osoan kultur ekitaldiak sustatzea aurreikusten dau-eta.
Maiatzaren 3an, 4an, 10ean eta 11n egingo da, Umore Azokearen aurreko astegoien bitan. Leioako alkate Iban Rodriguezek aurkeztu dau ekimena: kultureagazko konpromisoa indartzen eta erreferente izaten jarraitu nahi dogu, kulturea persona guztien eskura dagoan eskubidea izan daiten.
Leioako alkateagaz batera, Umore Auzokaren lehen edizino honetan ibiliko dan konpainia baten ordezkaria, Tiritirantes, izan da. Ekimenaren garrantzia azpimarrau dabe, kaleko arte eszenikoak jagon eta sustatzeko eta herritar guztiengana helduteko aukerea emoten dabelako.
Programazinoa
Maiatzaren 3an, 4an, 10ean eta 11n, Umore Auzokak sekulako programea eskainiko dau, zirku, antzerki, jantza eta magia ikuskizunakaz, tokiko, estaduko eta nazinoarteko konpainien eskutik.
- Maiatzak 3, San Bartolome Eleizako plazan: Bam Bam (Los Taps).
- Maiatzak 4, Lamiakoko Juan de Ajuriaguerra plazan: The Freak Show (Tor Magoa eta Txoborro).
- Maitzak 10, Pinuetako Doloren Ibarrurin plazan: Dans (Adrian Schvarzstein).
- Maitzak 11, Txorierriko Manuel De Irujo plazan: Mesozoican (Tiritirantes).
Kultura kalean
Umore Auzoka ez da izango kultura Leioako kaleetara eroateko Udalaren ekimen bakarra, izan be, Kultura Kalean programeak magiaz, barrez eta emozinoz beteriko eszenatoki bihurtuko dau herria. Halanda ze, apirilean eta garagarrilean 4 obra aurkeztuko dira, Leioako hainbat lekutan:
- Apirilak 4, Pinuetako Doloren Ibarrurin plazan: Urbasa (Hutsun + Ortzi).
- Apirilak 27, Txorierriko Manuel De Irujo plazan: Bademekum (Zirkozaurre Konpainia).
- Garagarrilak 10, San Bartolome Eleizako plazan: Emakume Zirku Gara (Bambolea Konpainia).
- Garagarrilak 11, Lamiakoko Juan de Ajuriaguerra plazan: La vida Toroidal (Rosarai Circ Cia Konpainia).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!