Itxaro Borda eta Leila Guerriero idazleek ohorezko makila jasoko dabe gaur
2025-02-25 13:44 KultureaGaur hasi eta martiaren 1ean amaituko da Gutun Zuria.

Azkuna Zentroak, Gutun Zuria Bilbao. Letren Nazinoarteko Jaialdiaren aurkezpenean izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Gorka Martínez BBKko zuzendaria, Itxaro Borda eta Leila Guerriero idazleak eta Iván de la Nuez eta Beñat Sararola, Gutun Zuria Bilbaoko aholkulari taldeko kideak eta Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotzia.
Arratsaldean, saritu biek ohorezko makilea jasoko dabe eta Leila Guerrierok edegiko dau Jaialdia, Rodrigo Fresán idazleagaz barriketan.
Aurten, Gutun Zuria Bilbao. Letren Nazinoarteko Jaialdiak begirada baikorra eta munduari edegia proponiduten dau, literaturearen, artearen eta pentsamenduaren bidez, literatura garaikideko izen garrantzitsuek eta gaur egungo narratibako ahots barriek osotutako programa baten bidez.
Juan Mari Aburto, Bilboko alkateak nabarmendu dauenez, literatureari eta letrei lotutako sorkuntza artistikoagaz egindako topaketa hau erreferentea da Euskadin, izakera anitza, zeharkakoa eta edegia dauelako. Gutun Zuria Bilbaok gure gizartean gero eta beharrezkoagoak diran eztabaida, barriketaldi eta hausnarketarako espazioak edegiten ditu ditu urtero.
Jaialdia gutun zuri bat da, edizino bakotxean barriro idazten dana. 2025ean, konbidetan ditu parte hartzen daben hogei idazleak euren alkarrizketak edegi deiezan jarrera baikorrari eutsiz. Gaur egungo literaturearen eta kazetaritzaren erreferente eta euskarazko sorkuntzaren ahots garaikideak dira, nabarmendu dau Bilboko alkateak.
Euskal literaturako gunea
Euskal Herriko testuinguruko hainbat egilek hartuko dabe parte jaialdian, Joseba Sarrionandiak, esaterako, Oihane Amantegi Uriartegaz berba egingo dau. Euskaraz tropikoetan izenburupean, euskeraz idaztea zer dan esplikauko dabe.
Euskerazko literaturearen barrikuntzean erreferente dan Itxaro Bordak, Aurélia Lassaque okzitanierazko idazleagaz batera, testuinguru globalean hizkuntza gitxituetan idazteak dakarren erronkeari helduko deutse.
Euskal idazleen arteko hirugarren berbaldia Miren Amurizak eta Lizar Begoñak egingo dabe, euskal literatura barriaren adibide bi.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!