Zapatuan, Lantzeko inauterien txandea izango da, Alkartasuna Jantza Taldearen eskutik
2025-02-25 11:08 KultureaZezeilaren 28an hasi eta martiaren 8ra izango dira Bermeoko Aratusteak.

Endika Etxebarria Telleria kultura zinegotziak azaldu dauenez, aurten be, edade eta gustu guztietarako ekimenak atontzen saiatu gara eta aurtengo egitaraua osatzeko, beste behin ere, herriko talde, alkarte eta ikastetxeen lana ezinbestekoa izan da.
Kanta kanta lorue taldearen kalejireaagaz hasiko dira aurtengo aratusteak, datorren barikuan (zezeilak 28). Goiko Plazan batuko dira, 20:00etan, aratusteei hasierea emoteko. Herritar guztiak animau ditue kantu jiran parte hartu deien eta mozorrotuta edo mozorroen osogarri bategaz joateko deia egin dabe.
Zapatuan, Lantzeko inauterien txandea izango da, Alkartasuna Jantza Taldearen eskutik. Horrrekaz batera, egongo dira KIETB erraldoi txiki konparsakoak eta Tiriki Trauki fanfarreakoak. Eguerdiko 12:30etik aurrera, herriko kaleak kolorez, jantzaz eta musikaz beteko ditue. Gizarte eta Kultura Etxean hasiko da kalejirea eta Lameran amaituko dabe Miel Otxin erreteko. Herritar guztiak konbidau ditue Lantzeko inauterietan parte hartu deien. Coro Maikako kideak be zapatua girotzen ibiliko dira: Goiko Plazan jarri dabe hitzordua 12:30ean. Handik ekingo deutse Aratusteetako kalejireari eta kalez kale ibiliko dira herriko txokoak euren kantuakaz girotzen.
Aratusteetako ohiko tostada txapelketak be iragarri ditue: Batetik, astelehenean, Demiku Jubilatuen Alkarteak atondutakoa egongo da 18:00etatik aurrera, Gizarte eta Kultura Etxean daben lokalean. Tostada txapelketaz gan, musikeagaz girotuta, mozorro txapelketea be izango dabe. Hurrengo egunean, martitzenean, Erroxape Emakumeen Alkartean egingo dabe tostada txapelketea; 18:30ean jarri dabe hitzordua, alkarteak Erretenen dauen lokalean. Arratsalde pasa ederra izango dabe Erroxape Emakumeen Alkartearen lokalean bertan.
Aratuste martitzena
Bermeon martitzena izaten da egunik garrantzitsuena. Goizean hasi eta eguerdira bitartean, herriko ikasleak izango dira protagonista, eurena izango da kaleak alaitzeko ardurea, kalejira erraldoia eginez. Igazko formatuari eutsiz, aurten be herriko ikastetxe guztiek bat egin eta batera egingo dabe kalejira. Zikloka banatuko dira, baina aurten danek egingo dabe ibilbide bera, hori bai, amaitzeko leku ezbardinak izango ditue:
- 10:30. Atalde kaletik, HH 3, 4 eta 5. mailakoak, Xaiborren kamioiagaz. Artza Frontoian amaituko dabe, Eidabe taldearen Gora Bihotzak! jantzaldiagaz.
- 10:35. Atalde kaletik, bozgorailuetan musikea jarrita, LH 4, 5 eta 6. mailakoak. Lamerea izango dabe helmugea eta Xaiborren jantzaldiagaz amaitzea da asmoa.
- 10:45. Atalde kaletik, fanfarreak girotuta, LH 1, 2 eta 3 mailakoak. Goiko Plazan amaituko dabe eta udaletxean jarriko dan musikeagaz jantzan.
Aratuste martitzenean espaziora bidaia egingo dau Bermeok, hori baita ikastetxeek adostutako mozorrotzeko gaia.
Martitzenean bertan, 12:00etan, Lameratik hasita, Erroxapeko Martxako emakumeek Bermeoko kaleak alaituko ditue euren musika eta mozorroakaz.
Eguerdiko 13:00ean, Ross Jantza Eskolakoen jantza erakustaldia egongo da Lameran.
Arratsaldean, barriz, kantsau arte jantzan egiteko aukerea izango dabe txikiek zein nagusiek, 17:00etatik 19:00retara, Lameran egongo dan Disko Txiki Festagaz. Euria balitx, Disko Txiki Festa San Frantzisko Herri Ikastetxeko karpan egingo litzateke.
XXII. Tabernen Mozorro Lehiaketea be Aratuste martitzenean izango da. Kultura zinegotziak azaldu dauenez, aurten barriro tabernaz taberna ibili gara tabernen parte hartzea bultzatzeko asmoz, herria eta herritarrak animetan laguntzeko modu bat dalako. Gaur arte, 14 tabernek emon dabe izena; parte-hartzaile danakaz mapa bat egin eta Bermeoko Udalaren sareetatik zabalduko da. Oraindino badago Tabernen Mozorro Lehiaketan parte hartzeko aukerea, zezeilaren 28ra arte, hain zuzen be. Irabazleak, Aratuste martitzenean bertan jakinarazoko dira, epaimahaiak taberna guztiak bisitau ondoren. Iaz egin zan moduan, tabernaz taberna joango gara fanfarreagaz eta herritarrak animetan ditugu geugaz etorri daitezan, iaz oso ondo pasau genduan.
Azkenik, aurtengo Aratusteetako egitarauari amaierea emoteko, Spookypheria Productions alkarteak atontzen dauen Vade Retro jaialdia egongo da martiaren 8an, zapatuan. Gaueko 21:30ean hasiko da Bermeoko Kafe Antzokian eta Unholy Covers taldea eta DC Data izango dira jaialdia girotzeaz arduratuko diranak. Sarrerak aurretiaz erosi daitekez 12 euroan (Luma liburu dendan eta bermeokokafeantzokia.com) edo egunean bertan 15 euroan leihatilan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!