'Harremanak', Toni Acosta eta Juan Carlos Rubio protagonista Eibarren

Bizkaie! 2025-02-25 09:03   Kulturea

Coliseo Antzokian gaur, hilak 25, eta Irene Hernando aktore eibartarrak egingo dau aurkezpena.

48. Eibarko Antzerki Jardunaldien aurkezpena. | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaur, zezeilak 25, hasiko dira 48. Eibarko Antzerki Jardunaldiak eta apirilaren 11n amaituko. Jardunaldiak programa zabala dakar Coliseo Antzokira eta Hezkuntza Esparrura (lehengo Unibersidade Laborala). Azken edizinoan ia 8.000 lagun inguru biatu ziran eta, beraz, bete egin zan atontzaileen helburua, eta barriz be frogatu zan kultur hitzordu honek Eibarko herriarentzat dauen garrantzia.

Jardunaldien inaugurazino-ekitaldian izen handiko profesionalak izango ditugu: Zezeilaren 25ean, iluntzeko 19:00retan, Toni Acosta aktoreak eta Juan Carlos Rubio zuzendari eta antzerkigileak berba egingo dabe Coliseo Antzokian eta Irene Hernando aktore eibartarrak egingo dau aurkezpena. Antzerkiak egoera askotara egokitzeko dauen gaitasunari buruzkoa izango da barriketaldia eta Harremanak titulua izango dau:

Zezeilaren 26an eta 28an, 19:00retan, Una madre de película komediaz gozetako aukerea egongo da. Obran protagonistea Toni Acosta da eta Juan Carlos Rubio zuzendaria.

Chek-out (zirkoa), Anacelia Álvarez eta Adrián Conderen zuzendaritzapean, martiaren 2an izango da eta La loca historia del Siglo de Oro (zirkua), Javier Uriartek zuzendua, martiaren 6an. Martiaren 7an, Ni flores, ni funeral, ni cenizas, ni tantán obrea antzeztuko dabe (tragikomedia), María Goiricelayak zuzendua. Martiaren 9an eta 10ean lan bi ikusi ahal izango dira euskeraz: Heisenberg, Ramón Agirre eta Naiara Arnerogaz, Hezkuntza Esparruan eta Miñan, Coliseo Antzokian.

Eva Isanta, Toni Acosta, Ángel Martín eta Zuhaitz Gurrutxaga dira Coliseotik igaroko diran aktore nabarmenetako batzuk eta seguru momentu ahaztuezinak itxiko dituela.

Martian zehar programazino zabala egongo da: Iribarne (komedia bufoa), Hoy no estrenamos (komedia), Moko, Indalecio Bizkarrondo "Bilintx" (umeentzako antzerkia euskeraz), Renata (komedia euskeraz), Hona (jantzea), Las que gritan (komedia Eva Isantaren emonaldiagaz), Lutinier, Futbolistoc (bakarrizketea Zuhaitz Gurrutxagagaz), 14.4 (dramea), Filtro (antzerki dokumentala), Nuevo Material (bakarrizketa) eta La maldad, o los raticos oscuros de Shakespeare (komedia musikala).

Jardunaldiak apirilean amaituko dira, ondoko lau antzezlan honeekaz: Los lunes al sol (tragikomedia), Mujeres, teatro a la carta (drama), Zorretan (tragikomedia euskeraz) eta Los reyes católicos, Colón y otras historias (tragikomedia). Era berean, martiaren 5ean, 35 urte eszenara begira dokumentala ikus ahal izango da, eta martiaren 27an Antzerkia zineman/El teatro en el cine sailean film laburrak ikusi ahal izango dira.

Danetara, 22 konpainia igaroko dira 2025eko Antzerki Jardunaldietatik: 25 antzezpen izango dira, horreetataik 8 euskeraz eta, horrezaz gan, obra bat kalean antzeztuko da.

Lekim Animazinoak konpainia arduratuko da Eibarko kaleetan Antzerki Jardunaldien zabalkundea egiteaz, bariku arratsaldean, zapatuan eta domekan.

Aurtengo kartela Naiara Sarasketa eibartarrak diseinau dau.

Sarrerak

Antzerki Jardunaldietarako sarreren salmentea zezeilaren 1ean hasi zan, bai aurrez aurre Coliseo Antzokian, bai modu birtualean. Sarrerak modu presentzialean erosteko aurretiazko hitzordua hartu beharko da hilaren 30an eta 31n, arratsaldeko 17:30etik 19:30era. Eta modu birtualean www.kutxabank.es webgunean eskuratu daitekez.

Era berean, funtzinoak baino ordubete lehenago erosi ahal izango dira sarrerak Coliseoaren leihatilan bertan.

Deskontuak

Coliseoaren Laguna txartela dabenentzat, 5 eurotik gorako prezioetarako: tarifa normala, 15 euro (Coliseoaren Laguna txartelagaz, 10,50 euro) eta 12 euro (8,50 Coliseoaren Laguna txartelagaz).
Kontuak kontu, Coliseoaren Laguna txartela erakutsi beharko da sarreran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu