Bilboko Arte Ederren Museoak sei artisten funts barriak eskuratu ditu

Bizkaie! 2025-02-25 08:33   Kulturea

Oinordekoek eta beste bilduma pribatu batzuek egindako dohaintzei esker.

Gorka Martinez (BBK Banku Fundazinoko zuzendaria) eta Elixabete Etxanobe (Bizkaiko Foru Aldundiko Ahaldun Nagusia eta Arte Ederren Bilboko Museoa Fundazinoaren Patronatuko presidentea). | Ikusi handiago | Argazki originala

Artisten artxiboak eta dokumentu-funtsak ezinbesteko baliabideak dira sormen-testuingurua eta horreek batu zituenen interesa eta motibazinoak ulertzeko. Artisten bizi-ibilbidean sakontzeko eta egonezin personalenak adierazoteko balio dabe zirriborroek, gutunek, argazkiek, idatziek eta beste material batzuek.

Sei dokumentu-moltso aurkeztu ditu Bilboko Arte Ederren Museoak: Eduardo Zamacois margolaria; Alphonse Guiard argazkilariar eta haren seme Adolfo Guiard margolaria; Felipe Manterola argazkilaria; Patricio Echeverria S.A. lantegiko argazki-artxiboa; Saul Steinberg ilustratzailea; eta, Maria Franciska Dapena margolaria.

Oinordekoek eta beste bilduma pribatu batzuek egindako dohaintzei esker eskuratu dira.

Funts barriak

Museoak gordeta dituan Eduardo Zamacois margolariaren funts artistikoen ordezkaritzeari (9 margolan eta 4 marrazki), haren ondorengoengandik jasotako material dokumental garrantzitsuak batu jake orain. Bestalde, lehendik be bikaina dan Adolfo Guiarden ordezkaritzea (11 margolan eta 17 marrazki) handitu egin da, dokumentuak, gutunak, 50 argazki eta artelanetako 46 zirriborro gehituz.

Felipe Manterolaren argazki-funts osoa eta Patricio Echeverria enpresarena be erantsi dira. Lehenengoan, euskal landa-ingurunearen ikuspegia dago jasota, Manterolak XX. mendeko lehen hiru hamarkadetan Arratiako haranean atara zituan argazkietan. Echeverriaren artxiboan, barriz, XX. mendean zehar herrialdeko industriak izandako indarra. Ganera, The Saul Steinberg Foundationen dohaintzeari esker, XX. mendeko ilustratzaile onenetako baten ordezkaritzea dago bilduman. Maria Franciska Dapenari jagokon funts artistiko eta dokumentalak haren figura eta konpromiso politiko eta soziala bistaratuko ditu barriro be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu