'Xiberoa Kantuz Loraturik'

Bizkaie! 2025-02-25 07:55   Musikea

Loraldiaren produkzinoa da, Zuberoako arimea eta kantuen indarra erakusteko.

Hitzordua martiaren 13an izango da, 19:30ean, Bilboko Arriagan. Basa-aireak, kantuak eta irudiak buztartzen dituan ikuskizuna da, 2024ko handiena, Iruñean egin zan estreinaldia zezeilean eta Euskal Herriko zenbait antzokitan eskaini ondoren, Bilbora helduko da. Erosi sarrerak hemen.

Ikuskizun honetan, Maddi Oihenart, Beñat Achiary, Ihitz Iriart, Julen Achiary, Mixel Etxekopar, Eliane Héguiaphal, Pierre Vissler eta Jordi Cassagne izango dira protagonista. Artistok Zuberoako kantu tradizionalaren aberastasuna eta gaur egungo sorkuntzea buztartuko ditue.

Zuberoa, euskal lurralde txikiena izan arren, kantu-memoria luzea eta tradizino oparoa gordeten dauen lurraldea da. Pastoralak, Maskaradak eta bertako kantuen aberastasuna eszenaratuko dira. Ikuskizunean Itxaro Borda, Joxan Artze eta Pier Paul Berzaitzen testuak be entzungo dira eta horrek dimensino poetiko eta sakona emongo deutso. Beñat Achiary, barriz, euskal kulturako barritzaitzailerik handienetako bat da: kantari, musikari eta inprobisatzailea. Oso estimatua gure mugetatik kanpo. Tradizinoa barrizten egindako lana upealakoa da, gure bihotzak zelan astindu badakiana.

Julen Achiary, Beñaten semea, aitaren esentziari eutsiz bide barritzaileetatik doa Haratago taldeagaz (talde honetako musikari bik be ikuskizenean parte hartzen dabe). Aita eta semea izango dira gidari artistikoak.

Mixel Etxekoparrek bizitza osoa emon deutso Zuberoako tradizinoari. Gaurko kultura zuberotarren zutabe sendoa da; aitagarria da Isturitzeko hiru zuloko flautea (Europako aztarna arkeologikorik zaharrenetako bat) berreskuratu ebala.

Ikuskizuneko erretratuak Eliane Héguiaphalek egin ditu. Zuberoako erretratugile honen irudiak kantaldiaren parte izango dira. Emakume argazkilari honek euskal kulturea zanetan daroa eta gustuko dituen gaiak artzainak eta mendiko unibersoa dira, gehienbatbatik bat. Goresten ditu zuri-baltzeko erretratuak eta Pirineetako ihauteriak, maskaradak zein pastoralak be eta arte bisualen protagonista izango dira.

Ganerakoan, Pierre Vissler frantziarra euskal kulturako erreferente bihurtu da. Musikan nahiz teatroan ibili izan da azken aldi honetan. Clown eremuan ibilitakoa eta Mixel Etxekoparregaz batera Züek heben, Euskal Herriko atlas geopoetikoa lanaren sortzailea da. Bertan Euskal Herriko hainbat bazterretako soinuak grabau eta sailkatu ditu. Ikuskizun honetan elektroakustikalaria izango dela agindu dabe.

Xiberoa Kantuz Loraturik ez da ohiko ikuskizuna, tradizinoa oinarri hartuta, gaur egungo kultura garaikide aberatsa azaleratzen dau, musika eta irudien bidez, ikusleek bidaia emozionala egingo dabe, bizitearen, maitasunaren, itxaropenaren eta umorearen bidez.

EKE Euskal Kultur Erakundeagaz alkarlanean ibili da Loraldia.

Loraldia eta Loraldia produkzinoak

Jaialdiak Eskola, Produkzinoak, Gaztea, Plaza, Digitala eta Lorazainak txatalak dakarz, euskeraz sortzen dan kulturaren garapena, barrikuntzea, transmisinoa eta ikusgarritasuna sustatzen ditu. Produkzioak arloan, hain zuzen be, euskerazko kultur industrian laguntzeko eta gure ikuspegi eta proposamen bereziak emoteko sortutako horretan, urtero sortzen dau produkzino propio bat: Lehenengoa Anton Abbadiaren inguruan jaio zan, jaialdiaren lehen edizinoan. Xiberua kantuz loraturik, barriz, publikoari aurkezten jakon zortzigarren produkzino propioa da.

Proiektu honetan Loraldiak Bizkaiko Foru Aldundiaren, Euskal Herria Hirigune Alkargoaren eta Euskal Kultur Erakundearen (EKE) laguntzea jaso dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu