XII. JazzEñe, garagarrilaren 22tik 25era

Bizkaie! 2026-05-08 09:49   Musikea

Zortzi proiektu izena emondako 158 talderen artean.



Eskarmentu handiko eta sortzen dagozan taldeen arteko zortzi kontzertu tartekatuko ditue goizez, 12:30etik aurrera, Victoria Eugenia Antzokian. Ondokoak dira JazzEñeren hurrengo edizinoan joko daben taldeak: Víctor Antón Cuarteto, Xan Campos, El Gran Ra, Daniel Juárez Quartet, Noa Lur, Anggie Obin, Pleito eta Javi Ruibal Cuarteto.

Zortzi proiektu horreek batzorde profesional batek aukeratu ditu, izena emondako 158 talderen artean. Lau saio bikotxetan hartuko dabe parte, 45 minutuko emonaldietan.

Noa Lur bilbotarrak zehaztu dauenez, euskal artistentzako erabagiorrak dira JazzEñe eta Jazzaldia: holako ekimenei esker askotan gure bila datoz jazzaldietako programatzaileek, bertakosk zein kanpokoak, eta hori sekulako aukerea eta erantzunkizuna da. Ikuspegi instituzionalagoan, Donostiako Udaleko kultura zinegotziak, Ana Lópezek, erakundeen arteko alkarlana eskertu dau, uria barrikuntza artistikoaren erdigunean jarteko aukerea parebakoa dalako. Etorkizunera begira be alkarlanaren aldeko mezua defendidu dau.

Sarrerak salgai dagoz Victoria Eugenia Antzokiaren eta Jazzaldiaren webguneetan, eguneko 10 euroan.

Jardunaldi profesionalak

SGAE Fundazinoaren helburu nagusietako bat SGAEko bazkideen errepertorioa nazinoartekotzea da. Horregaitik, JazzEñera bertaratzen diranen artean mundu osoko jaialdi, azoka eta jazz-aretoetako zuzendari eta programatzaileak dagoz, Estadu espainiarreko generoaren errealidadea ezagutzeko interesa dabenak, eta Fundazinoak berak gonbidetan dituenak. Programatzaile horreek goizeko topaketa profesionaletan parte hartzen daben zortzi taldegaz batzen dira, sinergiak sortzeko, ezagutzak eta esperientziak trukatzeko eta nazinoarteko agertokietan lankidetza-akordioak, birak edo eta emonaldiak berbatzeko. Orain arte bostehun artista baino gehiago ibili izan dira Espainiako mugetatik kanpo, SGAE Fundazinoaren programa honi esker.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu