I. ELAgunak Rock Festivala sortu da

Bizkaie! 2026-05-06 11:23   Musikea

ELA daben personen aldeko musika hotzordu solidarioa.

Bilboko BBK Salak hartuko dau datorren zapatuan, maiatzaren 9an, ELAgunak Rock Festivalen lehenengo edizinoa. Adela Bizkaia (Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Alkartea) alkarteak atondutako musika hitzordu solidarioa da. Batutako guztia erakunde horri emongo jako, gaixotasunaren eraginpean dagozan personen bizi-kalidadea hobetzen laguntzeko helburuagaz: osabiderik bako gaixotasun oso gogorra baita, ezezaguna, eta ikerketa gehiago, babes handiagoa eta ikusgarritasun handiagoa behar dituana, Juanjo Díez alkarteko presidentearen eretxiz. Gure erakundeak oinarrizko zerbitzuak eskaintzen ditu, fisioterapia zein laguntza psikologikoa, erizaintza eta baliabide teknikoak ahaztu barik. Eta horrek guztiak esfortzu ekonomiko handia dakar eta holako ekitaldiek lagundu egiten dabe.

Jaialdia arratsaldeko 16:30ean hasi eta 23:00etan edo amaituko da. Parte hartuko daben musikarien artean, Lucky Tongue hawaiarra nabarmendu daiteke. Konatik etorriak (Hawaiiko merkataritza eta turismo-gune handia), euren rock freskoa eta jarreraz betea zabalduko dabe, gitarra soinu bereziak eta Pazifikoko espiritu librea buztartuz.


Lucky Tongue.

Hirukoteagaz batera Aiert Erkoreka gernikarra be gurean izango da, Extremoduroren biretan ohiko teklistea eta Inconscientes taldeko kide ezaguna be bada. BBK Salako agertokitik igaroko diran beste bost taldeak bizkaitarrak izango dira: Mi hermana Corina bilbotarrak, Caballo regalado getxotarrak, No quiero seikotea, Orband Secret eta Galipop. DJ Iker arduratuko da etenik ez egoteaz eta ELAgunak Rock Festivalek irauten dauen sei ordu baino gehiagotan. Artista guztiek modu altruistan ibiliko dira.

Sarrerak

20 euroan webgunean eta BBK Salako leihatilan dagoz eskuragarri. Batuko dan diru guztia -merchandising eta sarrerakaz ataratakoa be bai- aitatutako ADELA Bizkaia alkartearentzat izango da. Gainera, 0 ilara bat egongo da joan ezin dabenentzat (Kutxabank: ES36 2095 0016 1091 1213 8791 / Bizum: 03338). Lehen helburua dirua batzea da, nabarmendu dau Díezek, baina gaixotasun hau ikusarazotea da asmoa eta gizartea kontziente izatea gitxi garen arren behar dogun laguntzea oso karua dala, ELAk itzel eragiten baiteutso gure bizi-kalidadeari. Bizkaian 100 persona inguruk dabe ELA eta diagnostikoaren ondoren bizi-itxaropena 3 eta 5 urte artekoa da. Urtero hogeita hamar kasu barri antzemoten dira, heriotza-kopuruaren antzekoa, eta horrek patologia honen gogortasuna islatzen dau. Horregatik, ELAgunak Rock Festivalen azken helburua berotasuna, babesa eta laguntzea da; bakarrik ez gagozala eta jente asko laguntzeko prest dagoala jakitea.

Jaialdi barri hau jarraitzeko bokazinoagaz eta aurrekari bitxi baten ondoren jaio da. Igaz, Díez -Bilbotxeros Band taldeko kidea- oraindino ez zan ADELA Bizkaiako presidentea. Alkarteari diagnostikoaren ostean laguntzea eskertzeko, bere taldearen hamargarren urteurrena dirua batzeko kontzertu bat izatea nahi izan eban. Sarrerak agortu egin ziran eta ELAgunak befrbea sortzeko balio izan eban, izan be, Bilbotxeros-egaz batera, Gari, El Consorcio edo El Mentón de Fogarty batu ziran eskuzabal. 2026 honetan, eta Díez presidente dala, ADELA Bizkaiak beste urrats bat emon eta ekitaldi ha jaialdi oso bihurtu dau: indarrari eta osasunari eusten badeutsat, urtero egiten jarraituko dogu, zehaztu dau Díezek. Hitzorduak BBK Banku Fundazinoaren, Arteche Fundazinoaren, CIE Automotiveren, AOSA-Asfaltados Olarrarren, Amurrio Ferrocarril y Equipos-en eta Eldu-Amesa Industrialen laguntzea dauka.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu