Merina Grisen zuzenekoa, oso-osorik AEBko KEXP irratian ikusgai

Bizkaie! 2026-05-11 13:13   Musikea

Grabazinoa BIME jaialdiaren barruan egin zan, KEXP-ek eta BIMEk alkarlanean ondua.

AEBko KEXP irrati eta plataforma digitalak Merina Gris euskal taldearen Live on KEXP saioa argitaratu dau, 2025eko urriaren 30ean Bilboko La Encarnación eleizan grabatutako zuzeneko emonaldiagaz. Grabazinoa BIME jaialdiaren barruan egin zan, KEXP-ek eta BIMEk alkarlanean ondua.

Seattleko (AEB) irrati publiko independentea dan KEXP oso entzutetsua da nazinoatean, haren programazinoan DJen hautaketa-erespideek daben indarragaitik eta Live on KEXP saioen kalitadeagaitik. Formatu horrek mundu osoko artistak aurkezten ditu, jagondako zuzeneko grabazinoen bidez eta askotariko eszenetako proposamenak nazinoarteko entzuleakana hurbiltzen ditu.

Merina Gris Donostian sortutako taldea da, pop elektronikoa eta esperimentazinoa buztartzen dituan hirukoa. KEXP-en grabautako saioan bost kantu interpretau ditue, tartean Ardi Latxen Herrian (Cris Lizarragagaz batera), Hiru Damatxo, lilili, Irteera eta Antes No Era Más Feliz. Emonaldiak taldearen zuzeneko izaerea eta bere soinuaren nortasun berezia jasoten ditu.

Bilboko grabazino hau Live on KEXP in Bilbao ekimenaren barruan kokatzen da, BIMEgaz alkarlanean landua eta hainbat erakunderen babesagaz, besteak beste, Basque. Music, Sounds from Spain, ICEX eta AIEren laguntzeagaz. Testuinguru horretan, Basque. Music plataformearen bitartez euskal artistek presentzia izan eben jaialdian, besteak beste, Marte Lasarte, Maloa Brothers eta Txopet taldeek showcase bana eskaini baitzeben nazinoarteko profesionalen bertaratzea aprobetxauta.

Basque. Music egitasmoa, hain zuzen be, Etxepare Euskal Institutuaren eta Musika Bulegoaren nazinoartekotze-estrategiaren barruan kokatzen da. Erakunde biek, Eusko Jaurlaritzeagaz batera, euskal musikearen presentzia nazinoarteko azoka eta topagune profesionaletan sustatzen dabe eta artistei ikusgarritasuna emoteaz gan, sektoreko hartu-emon sareak indartu eta zirkulazino-aukerak zabaltzen ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu