Loraldia Festibalak Jonan Ordorika omenduko dau
2025-02-24 07:45 MusikeaIkuskizun musikal hunkigarria iragarri dabe mariaren 12rako.

Martiaren 12an, aratsaldeko 19:30ean, Arriaga Antzokian Loraldia Festibalaren Mila esker, Jonan Ordorika eskainiko dau, 2023ko udan bat-batean hildako soinu-teknikari eta produktore ezagunari eskainitako musika-ikuskizuna. Loraldiak asmau eta produzidutako omenaldi honetan, Ordorikagaz eszenatoki eta proiektuak kopartidu zituen hainbat artistak parte hartuko dabelarik, haren ondarea eta euskal musikagintzan egindako ekarpena ospatzeko. Honako artistak izango dira: Hiru Truku, Anari, Mice - Miren Narbaiza, Rafa Rueda eta Tapia eta Leturia. Guztiak batuko dira emozinoz eta esker onez betetako 100 minutuko musika-gaualdi bat eskaintzeko. Sarrerak 20 euroan dagoz (16 euro Lorazainentzat) hemen.
Jonan Ordorika
Soinu-teknikari hutsa baino askoz gehiago izan zan; musikazale amorratua eta euskal musikearen industrian giltzarri. Azkarateko Argiñenea baserrian kokatutako grabazio-estudioa 1991n edegi eban Angel Katarain eta Amaia Apaolazagaz batera, eta leku hori erreferentzia bihurtu zan artista askorentzat. Handik, Ordorikak produkzino musikal askoren kalidadea eta nortasuna moldatzen lagundu eban.
Mamia Estudioan izan dira, besteak beste, bere anaia Ruper, Joseba Irazoki, Rafael Berrio, Gose, Willis Drummond, Joseba B. Lenoir eta Tenpora lako artistak. Horrezaz gan, Ordorikak Rafa Rueda, Betagarri, Joxe Ripiau, Glaukoma, Audience eta Joserra Senperena musikari eta taldeakaz be lan egin eta kolaborau eban.
Apala eta sortzailea izanik, Jonanek eten barik lan egin eban bai eszenatokietan, bai grabazino-estudioetan, beragaz lan egiteko aukerea izan ebenakan borrauezineko arrastoa itxita. Haren ekimen nabarmenen artean dago 2014ko Mila esker proiektua, hainbat musikarik Lou Reeden kantuak euskarara moldatu baitzituen. Ekimen horri esker, artista iparamerikarra Euskal Herrira etorri zan.
Merezidutako autortzea
Loraldiak Jonan Ordorika soinu-teknikariari omenaldi publiko hau eskaini nahi izan deutso baina ez bakarrik berari, baita atzekaldean lanean dabizen soinu-teknikari guztiei, musika magikoa posible egiten daben horreei be.
Ikuskizun hau eskerrak emoteko ekintza kolektibo bat da, euskal musikearen garapenean oinarrizkoa izan dan persona bati.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!