'Bueltaxka' ikuskizunerako inskripzino-epea bihar edegiko da

Bizkaie! 2025-02-24 11:04   Kulturea

Osa+Mujika konpainiaren jantza-proposamena.

Martiaren 22an, La Encartada Fabrika-Museoak Bueltaxka hartuko dau, Osa+Mujika konpainiaren jantza-proposamena, Bizkaiko Foru Aldundiak atondutako MusEkintza Arte Eszenikoen Jaialdiaren laugarren edizinoaren barruan. Jantza-ikuskizunak jentea konbidetan dau kanpoko gogobetetea topeteari buruz hausnartu eta mobimenduaren eta gorputzearen bidez esperientzia introspektibo batean sartu daitezan. Ganera, ikuskizuna amaitzean, talde artistikoagaz alkarrizketa-gunea edegiko da sorkuntza-prozesuetan sakontzeko.

Ekitaldirako inskripzino-epea zezeilaren 25ean hasiko da eta jaialdiaren webgune ofizialaren bidez egin ahal izango da: www.musekintza.eus.

MusEkintza: arte eszenikoen jaialdia Bizkaiko bederatzi museotan

La Encartada Fabrika-Museoaren ikuskizuna MusEkintzaren programazinoko proposamenetako bat besterik ez da. Arte eszenikoen jaialdi hori Bizkaiko bederatzi museotan egiten da, 2024ko zemenditik 2025eko bagilera bitartean. Laugarren edizino horrek mueta askotako programazinoa eskaintzen dau: antzerkia, jantzea, clownak, zirkoa, kontzertuak eta askoz gehiago. Nabarmendu beharreko ikuskizunen artean, ondoko honeek dagoz: misterio-joko bat, filmaketa baten birsorkuntzea, itzalen laborategi bat eta Mikel Urdangarinen eta Golden Apple Quarteten kontzertuak.

Honeek dira jaialdian parte hartzen daben museoak eta lekuak: Arkeologia Museoa (Bilbo), Txakolin Museoa-Txakolingunea (Bakio), Euskal Herria Museoa eta Europako Herrien Parkea (Gernika-Lumo), La Encartada Fabrika-Museoa (Balmaseda), Arrantzaleen Museoa (Bermeo), El Pobal Burdinola (Muskiz), Muñatones gaztelua (Muskiz) eta Santimamiñe (Kortezubi).

MusEkintza

Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako ekimena da, arte eszenikoak eskualdeko hainbat kultura eta ondare-espaziotara hurreratzea dau helburu, museoak agertoki dinamiko eta bizitzaz beteak bihurtuz. Ikuskizun bakotxa sartze-esperientzia bat sortzeko diseinauta dago eta argiztapen eta proiekzino espezifikoakaz osotzen da.

Ekitaldi guztiei buruzko informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu