'Magaletik herrire euskera erdire' da 47. Ibilaldiko goiburua
2025-02-24 08:41 Kulturea2025eko Ibilaldirako abestia, Magaletik herrire, Oxabi taldeak egin dau.

Ibilaldia Bizkaiko ikastolen jaia da. 1978an atondu eben lehenengoz Uribe Kostan eta 1980tik urtero egiten da, betiko arrazoiei eutsiz: Bizkaiko ikastolen jaialdia izatea, ikastolen hezkuntza-proiektua ezagutzera emotea eta erronka barriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea.
Edizino bakotxean ikastola batek atontzen dau jaialdia eta 2025koa Galdakaoko Eguzkibegi Ikastoleari tokau jako.
Ibilaldia ez da egun bakarreko jaialdia. Holan, ikasturte osoan ibilten dira alkarlanean, jarritako helburuak beteteko asmoz. Ikastolea eta euskal kulturea Euskal Herriko eremu guztietara edegitea gura dabe.
Logoa eta leloa
Magaletik herrire euskera erdire da aurtongo leloa. Kontutan hartutako kontzeptuak ondoko honeek izan dira:
- Magala, ama magala, mendi magala.
- Herria.
- Euskera erdigunera.
- Loturak.
- Eguzki brintzak.
Ikastoleak dakarren familia giroa islatzen dau magalak. Era berean, ikastolan dagoan mendi magalari be egiten deutso erreferentzia. Herrira berbeagaz, ikastoleak herriagazko loturea islatzen dau. Bestalde, logoaren diseinua egiteko erispideak ondoko honeek izan dira:
- Egungo jokerea islatzen dauen diseinua.
- Diseinu edegia garapen zabalagaz.
- Tipografia erraza.
- Erreproduziduteko errazak diran sinbologiak.
- Hainbat formatutan apliketako elementuak.
- Kolore alaiak.
Diseinuan Galdakaoko mendiak ikusi daitekez, magalaren M letran hain zuzen be.
Kantua
2025eko Ibilaldirako abestia, Magaletik herrire, Oxabi taldeak egin dau (Markel Arevalo Garcia, Jon Gomez Garai, Leire Goti Lopez, Gontzal Carrasco Cobo, Xabier Bengoa Bilbao, Jon Mikel Garcia Hernandez, Eneko Arraibi Zamalloa, Jurgi Iraola Arriaran eta loseba Aparicio Irastorza). Hori bai, berbak Gotzon Barandiaranenak eta ikastolako ikasle talde batena dira.
Produkzinoari jagokonez, Eneko Arraibi, Oihan Moreno eta Iker Villa izan dira arduradunak. Grabaketea, nahasketea eta masterra, barriz, Iker Villak egin dau.
Ikusi bideoklipa hemen.
Galdakaoko ikastolea: 58 urte
Euskal Herriko beste hainbat herritan bezela, 60ko hamarkadan hasi ziran ikastolak egituretan; Galdakaon, 1966an sortu zan Eguzkibegi Ikastola.
Eguzkibegi Ikastolea herriko hainbat gurasoren eskutik sortu zan euskal kulturan oinarritutako heziketa euskalduna eskaintzeko helburuagaz. Zabaleako txaletean gauzatu zan 1967an, 35 ume eta andereño bigaz.
Kooperatibea da 1973. urtetik, beraz, hezkuntza komunidadearen eta gurasoen konpromisoa dabe.
Eguzkibegi Ikastoleak herria eta naturea buztartzen ditu. Ondoan ditue Belaustegiko hariztia, errekak eta hainbat senda eta ibilbide. Halanda ze, umeen heziketarako osogai garrantzitsua da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!