Ertibil-Bizkaia erakusketarako deialdia iragarri dabe
2025-02-21 09:19 KultureaZezeilaren 28an hasi eta martiaren 10ean amaituko da.

Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri dau onetsi dauela Ertibil-Bizkaia ikus-arteen erakusketa ibiltarian parte hartzen daben obren hautaketea egiteko eta sariak emoteko 2025eko ekitaldirako deialdia.
Egitasmoaren helburu nagusia da artista hasi barrien ekimen sortzaileak babestea ibilbidearen lehen etapean, aukerea emonez lanak erakusgai jarteko, beste artista gazte batzuekaz hartu-emonak ezartzeko eta ibilbide profesionalaren garapenean aurrera egiteko.
Ekimen horren bidez, sormen-jarduerea sustatu nahi da. 1983an egin zan lehen edizinoaz geroztik, Bizkaian sormen-lana egiten daben artista hasi barrien babesagaz eta sustapenagaz konprometiduta egon da Ertibil.
Aurton, Aldundiak 51.500 euro bideratuko ditu, artista hasi barrien talentua ikusarazoteko. Erakusketea 18 artelanek osotuko dabe eta Bizkaiko hainbat udalerritan izango dira erakusgai.
Hautatutako lanek, 2.000 euroko saria jasoko dabe, artisten arte-sormeneari laguntzeko eta jarraiteko. Ganera, sari bereziak emongo jake hautatutako hiru obrari, 7.000 euro, 5.000 euro eta 4.000 eurokoak, lortutako puntuazinoen arabera.
Horrezaz gan, hautatutako lan berezien egileek aukerea izango dabe nazinoarteko egonaldi artistiko bat egiteko; Japonian, 2026ko garagarrilean eta abuztuan.
Bizkaiko Foru Aldundiak berresten dau kultura sustatzeko eta arte-sormena bultzatzeko dauen konpromisoa, sariak emonez eta ikus-arteen erakusketa ibiltariak atonduz.
Eskabideak eta dokumentazinoa aurkezteko epea 2025eko zezeilaren 28an hasi eta 2025eko martiaren 10eko 13:30ean amaituko da. Eskabideak Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez egin ahal izango dira (www.ebizkaia.eus).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!